Bilbon bigarren ekonomia-eraldaketa bati ekin dio. Aginteren bat duten buruek kosmopoli taxuko hirietara begiratzen dute. Halaxe, Hermes aldizkaria, 1917an sortua dena, asmo berrion ispilu bilakatu zen. Haatik, hiri zatikatua ere bazen Bilbo; herritar eta langile klase arruntak “goi-auzunetan” bizi ziren (Bilbo Zaharra eta San Frantzisko), edo ostantzean aldierietan; aldi berean, dirudunak, klase burgesak, zabalgune berrian bizi ziren.

Gobernu zentralak, alkateak izendatzeko zeukan eskubideari aldi batez behintzat uko eginez, Alkatea zinegotziek hauta zezaten utzi zuen eta halaxe izan zen hautatua Mario Arana (Comunión Nacionalista Vasca / Euzko Abertzale Alkartea). Monarkia parlamentariaren euskarri nagusia zen alderdi-bitasuna hautsi egin zen; langile sindikatuek eta errepublikanismoak gero eta eraginkorragoak ziren, hala politikagintzan nola gizartean oro har.

Bilboko Udaletxean batzartu ziren, lehenengoz, Bizkaiko udalerriak, autogobernu politikoa eskatzeko. Ekitaldiaren amaieran kalean istiluak izan ziren. Esandakoez gain, hezkuntzaren, gizartearen eta osasunaren arloetan zerbitzuak eskaintzeko eta udal-etxebizitzak eraikitzeko egitasmoak garatu ziren, guztiak ere anbizio handikoak.