Udal hauteskundeak izan eta berehala, 1931ko apirilean hain zuzen, II. Errepublika aldarrikatu zen, hauteskundeotan Errepublikaren aldeko hautagaitzak garaitu baitziren. Hiru bloketan zatiturik zegoen udal batza: Monarkiaren aurkakoak(errepublikanoak, sozialistak eta ANV), Eusko Alderdi Jeltzalea eta Monarkikoak.
Ernesto Ercoreca, bilbotar errepublikazaletasunaren buruzagietakoa, hautatu zuten Bilboko alkate. Udalbatza berriak, langabeziari aurre egin eta bidez batez zerbitzuak hobetzearren, lan publikoak sustatu zituen. Hezkuntzara eta kulturara bideraturiko egitasmoak landu zituen, analfabetismoa apaldu eta jakintza maila igotzeko. Erlijio-jaiak eta ikurrak kendu egin ziren eguneroko bizitza publikotik (Jesusen Bihotza eskultura kentzeko egitasmoa) eta elkarbizitza demokratizatu. Egindako bide hori guzti hori, ostera, etenda geratu zen, lehenik udalbatza gaitasungabetu, gero E. Ercoreca alkatea preso sartu eta azkenik Pablo Barreak eta Manuel Fríasek buru egiten zuten jarduneko batzordea eratu, horixe egin baitzuen 1934an Gobernuak. Azkenik, 1936eko hauteskundeetan Fronte Popularra nagusiturik, 1931ko udalbatza berrezarri zen eta E. Ercoreca alkatetzara itzuli zen.
1936ko urriaren 7an, Gernikan, lehenengo Eusko Jaurlaritza (Euzkadi`ko Jaurlaritza izenaz) osatu zen eta hartako Lehendakariak, historiako lehenak, hots, Agirre`tar Joseba Andonik, Bilboko Carlton Hotelean ipini zuen egoitza.