Militarrek 1936ko uztailean jo zuten estatu kolpeak huts egin zuen Bilbon, eta Udalbatzak Errepublikarekiko leiala zela aldarrikatu zuen. Frankisten armadak 1937ko ekainaren 19an Bilbo mendean hartu zuen. Eusko Jaurlaritza, Autonomi Estatutua, Kontertu Ekonomikoa eta euskara eta gaztelera hizkuntzen arteko koofizialtasuna, guzti-guztiak kendu zituzten indarretik.

Hiribilduak “Garaitu Gabea” izateari utzi zion eta halaxe ospatu zuten karlistek. Horrexen lekuko dago 1940an Hiribilduaren Domina eman izana “oraindio bizirik diren iragan mendeko Gurutzadetako karlista beteranoei.”

Udalbatza demokratikoen ordez miliarrek izendaturiko kudeaketa batzordeak sartu ziren eta, halaxe, 1937ko Ekainaren 21ean José María Areilza egin zuten Bilboko alkate. Egin zituen agerraldietako lehenengoetako batean argi eta garbi hitz egin zuen: “Bilbo ez da errenditu, armadak eta armek konkistatu baino (…) izan dira, izan direnez, garaileak eta garaituak” (1937.07.21) Udal langileen multzotik %59 (1914 langile ziren guztira, beraz, 1120) lanposturik gabe kalean utzi zituzten. Beste %17 lan-etanaldia aginduz eta isuna ezarriz zigortu zituzten. Azkenik, %22 lanpostura itzuliak eta gainerakoak jubilatuak izan ziren. Hasiak ziren “Estatu Berria” eraikitzen, euskarri totalitario eta korporatiboen gainean hain zuzen. Botere guztiak, hala politikoak nola militarrak, bakar batek hartu zituen bere gain: F. Francok. Politika, sindikatugintza eta erlijioaren arloko askatasun eta eskubideak bertan behera geratu ziren eta norbanakoen eskubideak eta bermeak sistematikoki urratzen zituen erregimen politikoa ezarri zen.