Gerrak eta diktadurak erbestera bidali zuen belaunaldiaren ordezkari petoa da Jose Abasolo. Gazterik hasi zen kazetari, erdaraz idazten Bilboko prentsa abertzalean. Gerra ostean Venezuelan aterpetu zen baina han ere eutsi egin zion kazetaritzari.  

1917ko martxoaren 11n jaio zen Bilbon. Gazte-gazterik hasi zen lanean. Hamalau urteko txotxoa zen (1931) La Tipografía Generalen beharrean hasi zenean. Enpresa horren lantegietan inprimatzen zituzten Bilboko egunkari abertzaleak: Euzkadi, La Tarde eta Excelsior.

Ez zuen denbora gehiegi behar izan lantegitik La Tardeko erredakziora igarotzeko. Kazetari jardun zuen bertan 1937ko ekainean frankistak Bilbora sartu ziren arte. Horrez gain, Euzkadi eta Excelsiusen kolaborazioak argitaratu zituen eta 1937an ELA sindikatuaren Lan Deya agerkaria sortu zenean, bertan ere behar egin zuen, La Tardeko jardunarekin tartekaturik. 

Bera izan zen Bilbon 1937ko ekainaren 18an gelditzen ziren hiru kazetarietarik bat, Andima Orueta (Euzkadi) eta Jenaro Egileorrekin (La Tarde) batera. Handik, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Turtzioz eta Kantabria aldera erretiratu zen. Santoñan hartu zuten preso. Alde bietako kazetari presoen trukaketan sartu zuten, baina, haren ustez Bilboko kazetari eskuindarrek hala nahi izan zutelako, bera barik anaia Jon Abasolo askatu zuten.

Kartzelatik atera eta gero, 1944an, Bilbon zegoela, Hego Euskal Herrian egindako lehenengo erresistentzia agerkaria prestatzeko lanetan murgildu zen. Haren ondorioz, atxilotu eta Larrinagan espetxeratu zuten (1945).

Berriro askatu zutenean erbesterako bidea hartu zuen. Venezuelara jo zuen. Han hedabideen arloan egin zuen lan, baina Euskal Herria sekula ahaztu barik. Bertatik jarraitu zuen Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta ELAren hedabideetarako lanak eginez: Radio Euzkadi, Lan Deya (zuzendaria izan zen), Oficina de Prensa de Euzkadi buletina, Euzkadi, Euzko Deya-La Voz de los vascos en Venezuela… Caracasko Euskal Etxearen idazkari ere aritu zen.

Franco hil eta gero itzuli zen Euskal Herrira (1979). Harrez gero kolaborazioak argitaratu zituen Deian, Euzkadin eta Alderdin. 2009ko azaroaren 28an hil zen.

Hektor Ortega