Alejo Novia de Salcedo Ocio Bilbon jaio zen 1832ko ekainaren 16an. Bere aita, Pedro Novia Salcedo, foruzale tradizionalisten buru zen, politikan eta ikerketa juridiko-historikoetan nabarmendu zen. Bere ama, Juna Ocio zen, Burgosekoa.

Bergarako Seminarioan sartu zen 1845eko urtarrilaren 11an eta 1850. urtean atera zen. Ikasketekiko zuen ardura dela eta  Bilbon Universidad Católica Vizcaína sortzearen alde egin zuen . Batzar Nagusiak onartutako proiektua zen baina politikaren tira-birak eta karlisten matxinadak zirela eta, azkenean ez zuten proiektua aurrera eraman. Asociación Católica de Bilbaoko lehenengo presidentea izan zen.

Tradizionalismoaren orbita politikoan parte hartu zuen eta 1870etik aurrera partidu karlistan sartu zen. 1870ean ospatu ziren Gernikako Batzar Nagusietan Abando eta Barakaldoko ordezkari izateko aukeratua izan zen.

1871an partidu karlistako  hautagaitza burutzeko eskatu ziotenean, hasieran ez zuen onartu, izan ere ez zuen bere burua gizon publiko modura ikusten, baina azkenean onartu egin zuen. 1874ko urriaren 15ean Bizkaiko Arma eta Defentsako  Batzar Gorena sortu zuten karlistek eta Novia Salcedo batzar goren honetako kide izendatu zuten. Handik aurrera, bere etorkizuna gerraren gertakariekin bat joango da. 1875ean karlistek antolatu zituzten Batzar Nagusian, Bizkaiko Diputatu nagusi izendatu zuten, Goirienarekin batera, joera katoliko irmoaren lerroan kokaturik zegoela. Gogoz kontra ari zen goi mailako politikagintzan.

Gerra amaitu zenean, erbesteratu egin zen eta 1876ko otsailaren 27an Donibane Lohitzunera heldu zen. Bere arrebari idatzitako eskutitz batean irakurri zitekeen bere pentsaera eta baita politikan izan zuen parte hartzeak sortutako eragin txarra. Handik bueltatu zenean, Donostian denboraldi luzeak igaro zituen, Alameda kaleko 15. zenbakian. Bere gaixotasun kronikoarentzat neguko erresidentzia zen. Donostian 1882ko otsailaren 26an zendu zen.

Bere aitarengandik ondareak eta propietateak jaso zituen eta batez ere landa errentak ziren. 

Izaro Arbilla