José Félix Allende Salazar Mazarredo Bilbon jaio zen 1802ko otsailaren 21ean Bizkaiko familia garrantzitsuenetariko batean. Bere gurasoak Pedro Francisco de Allende Salazar Ordoño de Rosales, 1837an Bizkaiko senatari izandakoa eta María Josefa de Mazarredo Gómez de la Torre, XVIII eta XIX. mendeetan bere familia milizian influentzia handia izandakoa, ziren.

Rita Gacituarekin ezkondu zen, Bilboko Francisco Gacitua eta Marbellako María de la Soledad Ampudiaren alabarekin. Bere lehenengo ikasketak Bergarako Seminarioan egin zituen, bere anaia Eustaquiorekin batera. 1818ko martxoaren 28an Academia de Cadetes-en sartu zen.

Hirurteko liberalean jada absolutismoaren aurkako ideologia antzematen zaio. Absolutismoaren aurkako, 1822ko uztailaren 7ko, gertaeretan parte hartu zuen, bere unitateko armak hartuz liberalen alde. Aragonen egon zen gero, partida errealen aurka borrokatzen eta baita Estatu espainola konkistatu nahi zuten tropa frantsesen aurka ere 1823an. Cadizeko inguruetan harrapatu zuten eta Almagroko deposituetara bidali zuten. Berriz ere Armadan sartu zenean, Alferez izendatu zuten, baina 1833ko abuztuaren 24an erretiro eskakizuna aurkeztu zuen, seguruenik politikan gertatzen ari ziren gertakizunen ondorioz. Baina 1833ko urriaren 8an karlisten aurka borrokatzera joan zen, eta bertan hainbat batailatan hartu zuen parte, besteak beste Bilboko lehenengo Setioan.

Ekintza askotan parte hartu bazuen ere eta bitan zauritua izan zen arren, 1835eko apirilaren 20ra arte ez zuten Teniente izendatu eta bi urte beranduagora arte, 1837ko martxoaren 21era arte, Kapitain.

Bera progresista izan arren, gobernu moderatua boterean zegoenean lortu zuen jeneraltza. Bilbon bizi izan zen hamarkada moderatuan. Frantziako bainuetxetara hainbat bidai egin zituen, bai eta Estatu espainolera ere. Biurteko aurrerakoia politikan gehien aritu zena izan zen. 1956ko martxoan aurrerakoi puru aukeratu zuten, O'Donnellen jokaldia geldiarazi nahi zutenak ziren hauek. Karlisten matxinadari aurre egiten saiatu zen, baina etsiturik 1871ko uztailaren 29an dimisioa aurkeztu zuen. Armadako Ingeniari Orokorra eta Madrileko Biltzarreko bokala ere izendatu zuten ondoren.

Errepublikaren proklamazioarekin batera, bere karguak utzi zituen, aginte berrietan konfiantza  ez zuelako. Handik aurrera Madrilen bizitzera pasa zen eta 1893ko urtarrilaren 25ean zendu zen bertan.

 

Izaro Arbilla