Andima Ibinagabeitia Idoiaga 1906ko urtarrilaren 27an jaio zen Elantxoben. Eliz ikasketak jesuitekin 1917-1929 artean egin zituen hainbat herritan: Erriberri, Tutera, Loiolako santutegia eta Oña.

 Ondoren Kolonbiako Bogotan eta Bukaramangan eskolak eman zituen 1929-1932 artean. Teologia ikasketak Belgikako Marneffe-n egin zituen 1932-1935 artean, baina jesuita izateari uko egin eta Euskal Herrira itzuli zen.

 Galdakaoko lehergai fabrikaren bulegoan hasi zen lanean eta Portugalen enpresarako lanean zegoela hasi zen Espainiako Gerra Zibila.

 1943an Portugaletik Bilbora itzuli zen, Jose Antonio Agirre lehendakariak eskatuta. Eusko Jaurlaritzak Bigarren Mundu Gerran antolatutako informazio zerbitzuetan lan egin zuen Bizkaiko hiriburuan, Bartzelonan eta Madrilen.

 Polizia frankistak  atxilotu baino lehen, Frantziara erbesteratu zen 1947an. Parisen zazpi urtez jarraitu zuen Jaurlaritzaren informazio zerbitzuetan lanean. 1948an Israelgo estatua sortu zenetik, eredugarritzat jo zuen, bereziki hebreera estatu hizkuntza zelako.

 Garai horretan hasi zen aldizkarietan idazten: Jaurlaritzaren Euzko Deya, EAJren Alderdi, Euzko-Gogoa eta Gernika. Parisen harremanetan egon zen Jon Mirande eta Txomin Peillen zuberotar jatorriko idazleekin. Euskal PEN Kluba sortu zuten elkarrekin 1950ean.

 1954ean Guatemalara joan zen, Jokin Zaitegik zuzentzen zuen euskara hutsezko Euzko-Gogoa (1950-1959) aldizkarian Orixe ordezteko idazkari gisa. Bertan agertu zituen idazlanik gehienak. Halaber, euskara ikasbideak eta klasikoen itzulpenak (Ovidio, Virgilio) idatzi zituen.

 Sabindar jeltzalea zenez, ez zuen begi onez ikusi EAJren elkarlana espainiar errepublikazaleekin. 1956an Jauralaritzak Euskal Mundu Biltzarra Parisen antolatu ondoren, areagotu egin zituen kritikak.

 Desadostasunak medio, Zaitegik aldizkaria Biarritzera eraman zuen, eta Ibinagabeitia 1956an Venezuelara joan zen bizitzera. 1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuten

 Caracasko Euzko Aberri Alkartasunaren Irrintzi (1958-1962) aldizkaria sortu zuen, baita 1967an Eman aldizkaria ere. Halaber, ETAren erbesteko kideekin harreman ona izan zuen, nahiz eta marxismoa gaitzetsi.

 1967ko azaroaren 2an hil zen Caracasen.


Antton Ugarte