Josu Arenaza Lekerikabeaskoa 1930eko maiatzaren 23an jaio zen Bilbon.

 Lehen hezkuntza Bilboko eskolapioen ikastetxean egin zuen. Valladolideko Unibertsitatean medikuntza ikasi zuen eta ondoren praktikak Basurtuko Ospitalean egin zituen.

 Mungiako Artetxe fabrikako enpresa medikua izateaz gain, Bilbon pediatra gisa lan egin zuen, kontsulta pribatuan eta IMQ aseguruaren kliniketan.

 Francoren diktaduran, EAJ alderdian nahiz ELA sindikatuan aritu zen klandestinoki. Preso ere egon zen, besteak beste, Txillardegirekin batera.

 Mungiako eta Bakioko herri antzerti taldeetan aritu zen eta hainbat aldizkaritan hasi zen idazten artikuluak: kaputxinoen Zeruko Argia edota frantziskotarren Goiz-Argi. 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

 Halaber, Mungiako Funcor txirrindulari elkartean aritzen zen, eta zaletasun horretatik sortuko zen elkarlanean idatzitako Balendin Uriona (1967) liburua, txirrindulari ospetsuaren biografia.

 Imanol Berriatuak sortutako Anaitasuna aldizkariaren arduradun izan zen 1967-1968 artean, Gotzon Garitaonandia Bermeoko apaizarekin batera. Hala ere, Anaitasuna utzi egin zuten, ezkerreko politikaren eta euskara batuaren aldeko bidearekin ez zeudelako konforme.  Ondoren Agur (1970-1975) aldizkaria sortu zuten Bilbon, zuzendari Jose Maria Martin de Retana zela.

 Halaber, Jose Maria Zirarda buru zuen Bizkaiko Elizbarrutiaren babespean, fede katolikoan eta bizkaieran oinarritutako Santutxu auzoko Begoñazpi ikastolaren sortzaileetakoa izan zen 1970ean.

 Euskara batuaren aurkako jarreraren erakusgarri nabarmenenetakoa, hain zuzen, Josu Arenazaren Tus hijos y el euskera (el mito del "BATUA") (1974) liburua izango da. Ondoren, Bilboko Euskerazaleak elkarteak 1977an sortutako Zer bizkaierazko aldizkarian aritu zen.

 EAJren Bizkai Buru Batzarreko kide izatera iritsi arren, 1979an Bizkai Buru batzarreko buru izateko zerrenda aurkeztu zuen eta Xabier Arzallusekin lehiatu zen. Azkenik, oztaz ozta ordezkari gutxi batzuegatik X. Arzallusen zerrendak irabazi zuen eta alderditik kanporatu egin zuten (1981), Anton Ormazaren gisako sabindar ildoko beste hainbat lagunekin. Ondoren Herri Batasunara hurbildu zen eta presoen aldeko medikuntza lanetan aritu zen.

 Dena dela, euskararen aldeko hainbat ekintzetan parte hartzen jarraitu zuen: Euskaldunon Egunkaria (1990), AEK, Korrika edota Kontseilua (1997).

 2012ko irailaren 29an hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte