Athletic Club Bilboko futbol talde nagusia da. 1898an sortua, hamaika titulu eta marka lortu ditu bere historian zehar. Baina egindako balentriez gaindi, elkartearen ezaugarria kirol filosofia dugu, eliteko futbol profesionalean kasu bakarra delako: Euskal Herrian jaio edo hazitako jokalariak besterik ez dauka bere ekipoetan, hala ume eta gazte mailetan nola lehen mailakoetan. 2002-2003 denboralditik emakume taldeak ere badauzka. Klubeko lehen ekipoko jokalariak lehoiak dira, gaitzizenez.

Bizkaira futbola ingeles marinel eta beharginekin heldu zen eta erroak egin zituen Ingalaterrara ikastera joandako burgesiaren gaztetxoei esker. Lehenengo partida ezaguna ingelesen artekoa izan zen, 1889an. Hiru urte geroago, 1892an, Sestaoko Astilleros del Nervión enpresak kirol elkartea osatu zuen, beharginek aisialdian kirola egin zezaten. Club Athleta jarri zioten izena, horrela, h eta guzti, eta futbolean aritu ziren. Hura desagertu zen, baina ematen du nolabaiteko lotura egon zela ahalegin horren eta 1898an Bilbon osatu zuten Athletic Clubaren artean. Bizkaiko hiriburuko futbolzale gutxi batzuk baino ez ziren eta Lamiakoko zelaian (Leioa) hasi ziren jokatzen, Club Athletakoek egin zuten bezala.

Sasoi hartan hiribilduan beste futbol elkarte bat eratu zuten, Bilbao FC, eta urte batzuetan elkarren arteko lehia izan zen. Baina elkarlana ere egin zuten eta 1902ko Koroatze Kopara talde bakarra aurkeztu zuten, Bizcaya izenpean. Irabazi egin zuten. 1903an lehenengo Errege Kopa jokatu zen eta orduko hartan ere talde bietako jokalariak batera aritu ziren Athletic Club gisa (Bilbao FC desagertu berria zegoen), baita berriz irabazi ere. 1902tik elastiko zuri-urdinak erabiltzen zituen Athleticek.

Krisi urteak izan ziren hurrengoak baina klubak gainditu egin zituen eta 1910ean berriz irabazi zuen Kopa. Ordurako elastiko zuri-gorria erabiltzen zuen. Hurrengo urtean titulua errepikatu zuen. Baina orduan ika-mikak izan ziren jokalari ingelesak zituzten ekipoen gainean. Horietakoa zen Athletic eta orduan erabaki zuen ingeles gehiagorik ez onartzea. 1911tik aurrera, Athleticek etxeko jokalariak besterik ez ditu aurkeztu, Euskal Herrian jaio edo, azken hamarkadetan, futbolean hemen hazitakoak.

Jarraian Athleticek egundoko aurrerapausoa eman zuen: Bilbon futbol zelai bikaina eraiki zuen: San Mames (1913). Bultzada itzela eman zion eta hurrengo hiru urteetako Kopak irabazi zituen (1914-16). Garai hartakoa da Athleticeko lehen mitoa: Rafael Moreno Pitxitxi. Ondoren lehiakide gogorra atera zitzaion klubari Bizkaian, Getxoko Arenas, eta Kopagatik lehiatzea garesti ipini zitzaion.

Garai hartan kirol sailak eratu zituen Athleticek: atletismoa, txirrindularitza, pilota, arrauna, hockey… Horiek denak 1930 urte ingururako desagertuta zeuden. Futbol kluba zen Athletic.

Hurrengo erabaki garrantzitsua 1926an hartu zuen. Profesionalismoa bete-betean sartu zen Espainiako futbolean eta Athleticek ez zuen onartu nahi baina, ordainean, atzean gelditzeko arriskua zuen. Manuel de la Sota presidentea zela, bide profesionaletik jotzea erabaki zuen. 1928-29an Espainiako Liga sortu zen eta hor zegoen Athletic. Harrez gero, Barcelona eta Real Madridekin batera, mailatik jaitsi ez den ekipo bakarra da. Hasiera ona eman zion Ligari. 1929 eta 1936 bitartean lau titulu irabazi zituen, gehi Kopa bi. Unamuno, Gorostiza, Goienetxe, Bata… Izen handiak ekipo handiarentzat. Eta mister bat historiarako, Mister Pentland. 

Gerra Zibilak errotik ebaki zuen talde hura eta Athletic (halabeharrez izena Atlético bihurtuta) hutsetik hasi behar izan zuen. Baina arrakastaz egin zuen: 1943-44an bosgarren Liga irabazi zuen eta, ondorioz, garaikurra jabetzan lortu zuen lehen taldea izan zen. Sasoi hartan Kopan ere sarritan gailendu zen (1943, 1944, 1945) eta historiarako gelditu diren izen gehiago eman zituen, beren-beregi Telmo Zarraonandia Zarra eta Agustin Gainza Piru. Hurrengo hamarkadan haiekin batera jokatu zuten Venanciok, Iriondok eta Panizok, Athleticeko historiako aurrealderik mitikoena osatuta. 1956an ekipoak berriz ere erdietsi zuen bikoa, Liga eta Kopa alegia. 1957an Europako Kopan aritu zen, lehenengoz. Final laurdenetan jausi zen, Manchester Uniteden kontrako partida gogoangarriak jokatu ostean.

Hurrengo hamarkadetan ekipoak Kopan lortu zituen emaitzarik onenak (1969 eta 1973an irabazi zuen), mito berriak sortzen segitzen zuen (Jose Angel Iribar), baina Liga gero eta zailago zegoen (1973tik aurrera Espainiatik kanpoko jokalariak onartu zituzten). Luzaroan gordeko dute zaleek gomutan 1976-77 denboraldia, belaunaldi bikain batek (Rojo, Irureta, Carlos…) eskuan eduki zituelako Kopa eta UEFAko Kopa. Final biak galdu zituen, ordea. Kirol legea da, ostera, porrotetatik altxatzen dakienari ordaina etortzea. Hurrengo belaunaldia, Javier Clementeren gidaritzapean, Liga bi irabazi zituen jarraian (1982-83 eta 83-84), baita Kopa bat ere (1984). Goiko, De Andres, Argote, Dani… izen gehiago zerrenda luzean. Gabarraren ibilaldiak argitara atera zituen Athleticen herri sustrai ikaragarri sakonak.

Harrez gero Klubak ez du gizonezkoen lehenengo ekipoarekin titulurik irabazi. Kopako final bi jokatu ditu (2009, 2012), baita berriz ere UEFAko final bat (2012) eta Superkopa bat (2009), baina sari barik. Une txarrak ere gainditu ditu (2005-2007ko biurteko beltza). 

Emakumezkoen ekipoa 2002-2003an hasi zen lanean, Leioa Futbol Taldearekin egindako akordioaren ondoren. Harrez gero Espainiako Superligan dihardu. Lau bider jantzi du txapela (2003-03, 03-04, 04-05 eta 06-07) eta Europako Txapeldunen Ligan jokatuta dago. 

Tituluak titulu, Athleticen indarraren gakoa bere filosofian eta jarraitzaileen fideltasunean datza. Erakutsi du badela beste futbol modu bat. Horregatik guztiagatik, munduan bakarra da. 

Hektor Ortega