Bertan Bilbo liburua Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek idatzia da, eta Bilboko Udalak berak 2008an argitaratua. Azpitituluak dioenarekin bat, egileek liburuan “Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historian” bildu dutelarik, Bertan Bilbo, argitaratu zen une beretik, mugarri bilakatu da.

Liburua XX. mendean, euskarari dagokionez hain zuzen, bidarriak diren hamar urtetan egituraturik dator. Horiez gain, bibliografia zabala, bestelako erreferentziak eta izendegiak dakartza. Hona aipaturiko hamar urteak eta bakoitzari dagozkion gai  nagusiak:

1894an La Roblako trena dator Bilbora. Ikatza baino gehiago dakar. Urte batzuk lehenago, 1889an hiru gizon ari dira lehian, euskal katedra delakoaz jabetzek: Arana, Azkue eta Unamuno. Giro horrexetan etorri ziren lehenengo euskal aldizkariak: Euskalzale eta Ibaizabal.

Hurrengo urte aipagarria 1915 da. Bilbori Munduko Bigarren Gerratea negozio-aukera bilakatu zaio. Ez zoritxarrik barik, ostera. Batxi sinatzen duen idazlea lanean dabilen ontzia hondora joan eta bertan hil da gizona. Euzko-Deya eta Euzkadi aldizkariak sortu dira. Baita Hermes ere. Eta Eusko Ikaskuntza. Laster sortuko da Euskaltzaindia.

1922. urtearen inguruan Euskarazko Katedraren bilakaeraz, Emakume Abertzale Batza sortu berriaz eta Primo de Rivera diktadorea 1929an Erriberako Azokaren inauguraziora etorri zen aldian bizi zen giroaz dihardu liburuak.

Diktaduratik 1932. urtera goaz, hots, II Errepublikara. Hezkuntzaren gaineko eztabaida, lehenengo ikastolak, eskoletako euskara klaseak eta 1936an hasi zen gudarainoko batzuk  beste batzuk jorratzen dira.

Hurrengo lau ataletan 1940, 1949, 1964 eta 1971 urteak jarri dira mugarri. Euskara esfera publikotik kanpo bizi da. Bilbon, haatik, lehenengo bertsolari-txapelketak eratzen, ikastolen haziak ereiten, CINSA diskoetxea sortzen, Kriseilu argitaletxea atontzen eta Anaitasuna izeneko aldizkaria loratzen eta bestelako beste zeregin batzuk burutzen doaz. Gau Eskolak, esaterako. Gabriel Aresti hantxe dela, ezten eta jarraibide.

Bilbon ondo gogoan gorde den 1983. urtera goaz hurrengo atalean. Athletic nagusitu da, aspaldiko partez eta, ospatzekoa, Maskarada euskara hutsezko antzerki-konpainia profesionala sortu da,  Santutxun. Eta Santutxun bertan zabaltzen da Bilboko lehenengo Bertso-Eskola, Xabier Gereñok euskaldunen afariak prestatzen dituen aldi bertsuan. Eta euskaltegi hitza erdaldunek ikasiko duten lehenengo euskal hitza.

Mendea amaitzear dagoela, 1995ean, Bilboko Metroak bere lehenengo urratsa eta horra Udaleko Euskara Zerbitzua. Eta herri-ekimenez, horra Irala, Otxarkoaga eta Zorrotzako euskal txokoka, Zenbat Gara elkartea, Bilboko Kafe Antzokia, Hitza hartu aldizkaria, Hau Pittu Hau eta Hor dago! Konpartsak, Labayru Ikastegia eta Deustuko Euskal Irakaslegoa.

Esandako guzti horien historia eta istorioak dakartza Bertan Bilbo liburuak.


Edorta Jimenez