Bilbao Basket da Espainiako ACB Ligan jokatzen duen Bilboko taldea. 2000. urtean klub gisa sortu bazuten ere, gaur egun kirol elkarte anonimoa da. Beste talde loriatsuen lekukoa jaso du, besteak beste, Aguilas eta Caja Bilbao.

Bilboko saskibaloiaren sustraiak Club Deportivoren baitan aurkitu dituzte ikertzaileek, 1930eko hamarkadan. Gerra zibila igaro ondoren, Bilboko ikastetxe (Santiago Apóstol) eta erakunde batzuek ere praktikatu zuten 1940ko hamarkadan. Sasoi hartan sortu zuten Bizkaiko Liga eta Club Deportivok eskuratu zuen lehen edizioa (1946). Baina ardura handieneko urratsa 1950. urtean egin zuten, Eskolapioen ikastetxean Aguilas Bilbao kluba eratu zutenean. Urte hartan bertan beste ekipo bat sortu zen, Patronato, Iturribideko maristen ikastetxeari lotuta, gerora ibilbide luzea urratu duena Bilboko saskibaloian.

Aguilas beheko kategorietan aritu zen lehenengo (garai hartan Emiliano Rodriguezek taldean jokatu zuen) baina 1958an Espainiako Ligako lehenengo mailara iritsi zen. Vicente Gallego eta Paco Díez izan ziren bultzatzaile nagusiak. Hurrengo urtean jaitsi zen arren, arin bueltatu zen eta bertan gelditu zen 1976ra arte, 1968-69 denboraldia izan ezik. Urte hartan, ostera, Bilbo ez zen lehenengo mailako ekipo barik gelditu, KAS taldea Gasteiztik Bizkaiko hiriburura aldatu zen eta. 1969 eta 1973 bitartean (KAS desagertu zen arte, alegia) Bilbok klub bi eduki zituen Espainiako Ligako gorengo atalean eta partidak La Casillako kiroldegi egin berrian jokatu zituzten. Aguilasek ez zuen inoiz titulurik irabazi, baina jokalari handiak izan zituen, Antonio Díaz Miguel edo Miles Aiken kasu. Lester Lane estatu batuarra klub bietan aritu zen prestatzaile.

Aguilas jaitsi eta gero hurrengo proiektua Caja Bilbao izan zen. 1983an sortu zen eta hiru urtetan ACB Ligara (kluben liga profesionala, Lehenengo mailaren oinordekoa) igo zen Josean Figueroa eta Joe Kopickiren eskutik. 1986 eta 1991 bitartean goi mailan iraun zuen, balentria gogoangarriak eginda. Darrell Lockhart, Xabier Jon Davalillo edo Juanma Lopez Iturriaga aritu ziren talde hartan. Mailaz jaitsi arren, 1994an atzera ere igotzeko txartela lortu zuen Txus Vidorretaren gidaritzapean, baina arazo ekonomikoak ezin gaindituta, proiektua behin betiko hondoratu zen.

Kolpe latzaren ostean Bilboko saskibaloiak Bilbao Patronaton eduki zuen gorengo ordezkari, baina ACBtik kanpo. Bertara itzultzeko gogo itzela zegoen eta horrela erakutsi zuen Basket Bilbao Berria kluba sortu zenean, 2000. urtean, helburu hori jarrita. Berriro ere Txus Vidorretaren eskutik lortu zuen, 2004an. Harrez gero ACBn egon da Bilbao Basket eta bitarte horretan kirol elkarte anonimo bihurtu da eta La Casillatik Miribillara aldatu da, nahiz eta inoiz BECen ere jokatu izan duen. Kirol arloan emaitza bikainak lortu ditu, batez ere 2010-2011ko ACBko txapeldunordea izan zelako, finaleko play-offa Bartzelonaren aurka galdu eta gero. ACBko Superkopako finalista ere izan zen 2007an eta Kopan finalaurrekoetara iritsi zen 2008an.

Geroago nazioarteko txapelketetan nabarmendu zen. 2011-12an Euroligako final laurdenetaraino heldu zen bilbotar ekipoa, CSKA Moskuren aurka galdu arte alegia. Hurrengo denboraldian (2012-13) Eurocupen lehiatu zuen, ederto lehiatu, eta finalera iritsi zen. Charleroin galdu zuen Lokomotiven kontra. Txapelketa horretan bertan finalaurrekoetara heldu zen 2009an eta 2010ean, azken horretan hirugarren gelditu zelarik.

Loria une guzti horien ondoren, Bilbao Basket kinka larrian sartu zen. 2012tik diru arazo larriak izan ditu eta 2014ko udaberrian jokalariak kobratu barik aritu ziren, elkarteak ez baitzeukan soldatak ordaintzeko lain. Zuzendaritza kideen eta akziodun nagusien multzoa erabateko aldaketa egin ostean, lanean ari dira Bilbao Basketen bideragarritasuna bermatzeko. 

Hektor Ortega