Bilbon aspaldikoa da pilota jokoarekiko zaletasuna. Itzal handiko plaza izan da kirol horretako garapenean eta sona handiko frontoiak eduki ditu. Gaur egun ere 70etik gora dira udalerrian dauden pilotalekuak, gehien-gehienak publikoak.

Pelota esan izan zaio Zazpi Kaleetako kale bati, hain justu pilotalekua izan zelako. Harresiaren atal bat erabiltzen zuten, hiribildu harresidunetan ohi zen bezala. XVIII. mendearen akabuan, ostera, Pelota kalea urbanizatuta zegoen eta frontoi berria egin zuten Areatzan, Estufako etxearen atzealdean. Garai hartan (1798an) trinketa egin zuten Iturribiden. XIX. mendean Zabalbiden (Begoña) frontoi bi zeuden. 

Baina benetako eztanda bigarren karlistada amaitu eta gero iritsi zen. Orduan ezarri zituzten pilota garaikidearen ezaugarriak eta jokatzeko moduak. Joko luzea (aurrez aurrekoa, laxoa, adibidez) gainbeheran sartu zen eta gaur ezagutzen ditugun joko mota nagusiak (esku huska, pala, zesta modu desberdinak…) finkatu zituzten. Prozesu horretan Bilbo aldeak zer esan handia eduki zuen, bertan egin zituzten pilotaleku berrien inguruan ibili zirelako hala pilotaririk onenak nola zaletu ugari. Garai hartan Bilbon hiru aldizkari espezializatu argitaratzen ziren: PelotariLa Pelota eta La Chistera.

Pilotaleku berriak zein baino zein dotoreago eta handiago egin zituzten: Abando (1885), Deustua (1887), Amistad kaleko Recreo Bilbaino (1890), Euskalduna (1895)… Zaharretatik bakarrak zirauen, Zabalbidekoak. Eta txoko gehiago zeuden, zaletuentzat nahikoa baitziren horma sendo bi pilotan jokatzeko. Horietakoa zen, esate baterako, Begoñako Udaletxeko arkupea.

Esan legez, goian aipatutakoak izan ziren pilota mundu profesional berria eratu zutenak. Abandoko frontoia (La Casillan) pilotari talde propioa eduki zuen lehena izan zen. Ia 5.000 lagunentzako tokia zeukan. Jarraian Deustukoa heldu zen, eraikin dotore batean txertatua, oraindik estali barik ordea. Pilota gorantz zetorren eta pilotaririk onenek Deustuan jokatu zuten. Xisteraz, palaz edo esku hutsez aritzen ziren orduan. Indalecio Sarasketa Eibarko Txikitoa eta Pedro Arreseigor Portal bezalako fenomenoen garaipen antologikoen eszenatokia izan zen.

Eta hala ere, amore eman behar izan zuen 1895ean, Euskalduna frontoia ireki zutenean (Euskalduna kalean). Ezin konpetentziarik egin pilotaleku berriari. Batetik, Euskalduna 3.500 ikusle hartzeko moduko frontoi estalia zen. Bestetik, Eibarko Txikitoaren zuzendaritzapean pilotari talde bikaina osatu zuen. Hasieran xisteraz partidu asko jokatu baziren ere, urteek aurrera egin ahala pala nagusitu zen. Hemen debutatu zuen, hamasei urteko txotxoa zela, Juan Gisasolak, Begoñés I.ak, Zabalbideko frontoian trebatu zen palaren artistak.

Euskaldunak arrakasta handiz eutsi zion palari Gerra Zibileko bonbardaketetan kalte handiak jasan zituen arte. 1939an, berriz eraiki ondoren, atzera zabaldu zituen ateak eta hasieran erantzuna itzela izan zen arren, Madrileko Recoletos frontoiaren konpetentziak kondenatu zuen: hark eraman zituen pilotaririk onenak. 1957an itxi zuten.

Hamar urtez Bilbok ez zuen frontoi profesionalik eduki, harik eta 1967an Club Deportivok bere pilotaleku berria zabaldu zuen arte. Harrez gero, pala profesionalaren gotorlekua izan zen, joko horretako pilotari onenen etxea, 2011 arte. Palak kasik Bilbon bakarrik iraun duen bitartean, urte askotan bizkaitar hiriburuak ez du eduki esku pilotako frontoi profesionalik. Club Deportivok ateak itxi zituen urtean bertan, 2011n alegia, Bizkaia frontoiak bereak ireki zituen. Esku pilotarako frontoia da, 38 metro luze den kantxa du eta 3.000 lagunentzako tokia. Esku pilotaz gain, pala partidak jokatu dituzte bertan.

Bilboko frontoiei erreparatuta, ezin amaitu beste pilotaleku batzuk aipatu barik: Esperantza kaleko Euskal Jai (1921), Club Deportivok eduki zituen biak (Orueta kalekoa 1921ean ireki zuten, eta Errekalde zumardiko zaharrena 1931n)… Eta, jakina, ezin ahaztu bertan aritu ziren pilotari bikainak: Begoñés guztiak, Amorebieta IVa, Deustuko Quintana anaiak eta Angel Albizu Narru, Angel Bilbao Abandoko Txikitoa

Hektor Ortega