Vicente Ametzaga Aresti 1901eko uztailaren 4an jaio zen Getxoko Algorta auzoan. Euskara bere kasa ikasi, eta 1921eko Euskal Esnalea elkartearen saria irabazi zuen, Miguel de Cervantesen itzulpen batekin.

 Zuzenbidean lizentziatu zen 1927an Valladolideko Unibertsitatean. Espainiako Bigarren Errepublikan, Getxoko udal epailea izan zen.

 Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzaren Lehen Mailako Irakaskuntza zuzendari izendatu zuten. 1937an Mercedes Iribarrenekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten. Militar kolpezaleak Bilbo okupatzear zirenean, Donibane Garazira ihes egin zuen, Jaurlaritzaren erbesteko haur kolonien buru.

 Ondoren Bartzelonara jo zuen, Jesus Maria Leizaola Hezkuntza eta Justizia sailburuaren ordezkari gisa, eta jarraian Parisera doa, Hezkuntza saileko arduradun gisa. Halaber, erbesteko haur koloniak ikuskatzen aritu zen Frantzian eta Ingalaterran.

 Bigarren Mundu Gerraren garaian, 1941ean, Ameriketara alde egin zuen, bidean Afrikako kontzentrazio esparruak jasan behar izan zuelarik.1942an Argentinara iritsi zen, eta Buenos Airesko Euskal Ikasketen Amerikar Institutuaren sortzaileetakoa izan zen 1943an. Halaber, elkartearen buletinean (1950etik) idatzi zuen.

 1945ean Uruguaira aldatu zen, eta  Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean euskal kulturaren katedra sortu zuen, eta irakasle lanetan aritu zen 1947-1955 artean. Halaber, hiriburuko Goi Mailako Kultura Institutuan euskara irakasle izan zen hamabi urtez.

 1955ean Venezuelara aldatu zen eta John Boulton Fundazioan lan egin zuen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1957an.

 Amerikako hainbat egunkari eta aldizkaritan sarri idatzi zuen, bereziki Argentinako Euzko Deyan, Venezuelako Eusko Gaztedin eta Guatemalako Euzko-Gogoan. Erbesteko urte zailetan euskarara itzuli zituen hainbat idazle klasiko: Plinio Gaztea, Eskilo, Zizeron, Descartes, Shakespeare, Juan Ramon Jimenez edota Oscar Wilde.

 Ikerketa lanen artean, hurrengo liburuak idatzi zituen: Hombres de la Compañía Guipuzcoana (1963), Vicente Antonio de Icuza (1966), El elemento vasco en el siglo XVIII venezolano (1967) eta El hombre vasco (1967).

 1969ko otsailaren 4an hil zen Caracasen.

 Getxoko Udalak eta Euskaltzaindiak omenaldia egin zioten 1989an.

Antton Ugarte