Carlos Ajuria Urigoitia 1865eko azaroaren 2an Bilbon jaio zen. Bere aita, Antonio Ajuria Sarralde, Argantzukoa zen eta ama, Emilia Ángela Urigoitia, Araiakoa. Bilboko bizilagunak ziren, Alde zaharrean, Harategi kaleko 32. zenbakian bizi ziren. Beste 12 seme alaba izan zituzten.

Bilbon jaio arren, Carlos Ajuriak bere bizitza pertsonala eta politikoa Araban egin zuen, hain zuzen ere bere aitonaren herrian, Araian, igaro zuen denbora gehien.

León Urigoitia, bere aitona, Araiako San Pedro burdingintza fabrikako jabea bihurtu zen. Hasieran jabegoa bosten arten banatuta bazegoen ere, 1865ean enpresaren %50a zuen eta handik 5 urtera jabetza osoa berea zen. 1936. urtera arte ez zen familiatik kanpo zegoen inor sartu enpresaren kapitalean eta gestioan. Bere testamentuan Carlos Ajuriaren ikasketak ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Honek ingeniaritza ikasi zuen eta horrela, familiako negozioan jarraitzeko aukera izan zuen.

Carlos eta Alfredo Ajuria anaiak berrikuntza garrantzitsuak egin zituzten enprensan eta honek onurak ekarri zituen. Beste afera batzuetan ere aritu ziren, izan ere, Carlos Ajuria Ajuria y Aranzabal administrazio kontseiluko presidentea izan zen, baita Azucarera Alavesa-ko eta La Iberia kontseiluko kide ere.

Familiaren botere ekonomikoaren ondorio zuzena izan zen politikan izan zuten parte hartzea. Carlos Ajuria Arabako probintziako diputatu aukeratu zuten 1901eko hauteskundeetan. Urte bereko apirilak 21ean Presidente kargua eskuratu zuen. 1905. urtera arte aritu zen eta ondoren Arabako ordezkari izan zen Senatuan, 1910etik 1923ra eserlekua mantendu zuen.

Familiako inbertsioak ez ziren soilik familiako negozioa finantzatzeko bideratu. Inmobiliaria eta errenta zehatzetan ere aritu ziren, arriskurik suposatzen ez zuten bestelako negozioetan ere. León Urigoitiak martxan jarritako estrategia izan zen hau. Era honetan, Carlos Ajuria Aguraineko 436 lursailen buru zen, Tabako sozietatean ere inbertitu zuen eta Bilboko portuko Obren Juntan ere besteren artean. Honetaz gain, bilobak ekintzaileagoak izan ziren eta inbertsio estrategia beste era bateko aferetara bideratu zuten; meatzean, industrian edo trenbideetan.

Arabako oligarkiaren kide garrantzitsuak bihurtu ziren Ajuria Urigoitiarrak eta Araian eraiki zituzten jauretxeak honen erakusle izan ziren. Gasteizko Ajuria Enea egoitza, adibidez, Serafin Ajuriak, Carlosen anaiak, eginarazi zuen.

Carlos Ajuria Eusko Ikaskuntzako kide izan zen. Partidu liberalekoa zen eta Arabako bizitza politiko eta ekonomikoan gizon ezaguna.


Izaro Arbilla