Carmelo Goienetxea Urrusolo futbolaria izan zen 1910 eta 1920eko hamarkadetan. SD Deusto eta Athleticen jokatu zuen. Talde zuri-gorriko kapitain eta azken futbolari amateurra izan zen.

Carmelo Deustuan jaio zen 1898ko ekainaren 18an. Bertan ekin zion futbolean olgatzeari eta ondo egin zuen, herriko taldean jokatu baitzuen 1916 eta 1921 urte bitartean. Sasoi hartan SD Deustok aurrerapauso itzelak eman zituen eta guztietan esku hartu zuen Carmelok: Etxezuriko futbol zelaia atondu (1917) eta A sailera igo zen (1918), gorengo mailara alegia. Han lehiatu zen inguruetako talderik sendoenen aurka: Athletic, Arenas… Hasieran doi-doi eutsi zion mailari, baina 1920-21 denboraldian deustuarrek hirugarren egin zuten. Hura izan zen Carmeloren azken urtea Deustuan.

Denboraldi bikainak Athleticera eraman zuen deustuar gaztea. Harrez gero eta erretiratu arte Carmelo Goienetxeak talde zuri-gorrian jokatu zuen, 1921-22 denboralditik 1928-29 arte alegia. Denetara, 109 partida eta 50 gol. Aurrealdean jokatzen zuen, ezkerraldetik, eta golak egiten trebea zen. 1923an Kopa irabazi zuen taldean zegoen, izen handien artean: mister Pentland, Belauste, Txomin Acedo, Sabino, Travieso… 1929ko ekainaren 23an ere, bere despedidako partidan, taldekideak ez ziren makalak: Ispizua, Lafuente, Unamuno… Hurrengo urteetan titulu andana irabazi zuten.

Nortasun handiko jokalaria izan zen eta horren erakusle dugu Athleticera iritsi eta berehala talde handi hartako kapitain izendatu zutela. Urte haietan, Kopako (Espainiako Liga 1928-29 denboraldian jaio zen) talde handiak profesionalizatu zirenean, Carmelok uko egin zion kobratzeari. Bera izan zen garai hartan Athleticeko azken amateurra.

Selekzioetara ere deitu zuten. 1921ean West Hamen aurka jokatu zuen euskal selekzioan jardun zuen. Espainiarekin hamar bider aritu zen. 1924ko Joko Olinpikoetan esku hartu zuen. Partida bat baino ez, Espainiak Italiaren aurka galdu eta kanporatuta gelditu zen eta.

Futbola utzi ostean Athleticen zuzendaritzan egon zen. 1984ko azaroaren 10ean hil zen.

Hektor Ortega