Deustuko Arraun Taldea 1981ean sortutako elkartea da. Gizonezkoen eta emakumezkoen eskifaiak ditu eta eskolak ematen ditu gaztetxoak arraun munduan trebatzeko. Bilbon arraun tradizioa zaharra bada ere, XXI. mendeko lehenengo hamarkadetan Deustukoa da hiriburuko arraun elkarte bakarra.

Arraunean egiteko erronkak ekandu zaharra izan da euskal itsasbazterrean. Ogibide gogorretatik (arrantza, atoian eramateko lana…) kirola sortu zen. Lehenengo erronka dokumentatuak XIX. mendearen erdialdekoak dira. Adibidez, 1854an, lekeitiar eta ondarrutarren arteko lehia izan zen, traineruz Getariara lehenengo nor ailegatuko. Bertsoak ere atera zituzten. 

Hurrengo urteetan gero eta gehiago ageri ziren hala prentsan eta bertso berrietan nola administrazioaren agirietan. Adibidez, Kontxako estropadak 1879 urtean hasi ziren. Zer esanik ez, Bilbon bertan ere estropadak jokatu zituzten, arraunean egiteko ohitura zegoelako eta Ibaizabaleko ur bareak eremu egokia zirelako. Ondarroako kofradian 1865ean Bilbon (antza denez, Portugaleten) irabazitako bandera gorde dute. Baina lau urte lehenago, 1861eko irailaren 3an, Bilboko jaien egun handienean alegia, egitarauko izarra eguerdiko estropada jokoa izan zen. Hiru motako ontziak aritu ziren: trainerilla, batela, eta gizonak bakarka ‘singan’. Lehenengo biek Lutxanan hasi eta Bilboko Areatzako zubirainokoa egin behar zuten. Jendetza batu zen. Trainerilletan Deustuko Alejandro Rodriguezen ontzia nagusitu zen. Bateletan, ostera, ingeles eskifaia atera zen irabazle. Izan ere, joera bi elkartu ziren: ogibidez arraunean zihardutenen grina eta burgesiaren sport berriekiko zaletasuna.

Zaletasun bi haien ondorioz lehenengo klubak sortu ziren eta, 1861ean bezala, herriko jaietako egitarauetan ohiko bilakatu ziren hala Bilbon nola Deustuan. 1920-30 hamarkadetan Deustuko Done Peri jaietan ohikoak ziren iola eta batel estropadak. Deustuan klub bi eratu ziren, gutxienez: Ribera Sport eta Elorrieta. Bilbon gehiago zeuden, Urazurrutian adibidez, eta garai hartan Athleticek arraun saila zeukan. Adibidez, 1933ko abuztuan Athleticeko eskifaia bi eta Baionako Aviron Bayonnaiseko beste bi elkarren kontra lehiatu ziren iolatan Ibaizabaleko uretan. Egun batzuk lehenago, Deustuko eta Urazurrutiako traineruek Bilboko estropadan lehiatu zuten.

Diktaduraren ostean berriro berpiztu zen arraun zaletasuna hala Bilbon nola Deustuan. Garai hartan Kaiku eta Santurtziren arteko lehiak lehenengo postura eraman zuen Bizkaiko arrauna. Besteak beste, Matikoko Arraun Taldea sortu zen eta 1980ko hamarkadaren lehenengo urteetan aritu zen. 1981eko apirilaren 14an Deustuko Arraun Taldea eratu zen, Juan Antonio Kamiruagaren ekimenez. Bera izan zen, urte askotan, elkartearen sustatzailea eta arima, Ricardo Callejaren laguntzaz.

Orduan gazte asko zebilen arraunaren inguruan, nahiz eta itsasadarra, kutsadura aldetik, bere txarrenean egon. Kluba Zorrotzaurren egon zen lehenengo, gero Nautika eskola zaharrean eta ondoren Botikazarreko garagardotegiaren atzealdean. Han harrapatu zituen 1983ko abuztuko uriolak. Dena galdu zuten. 

Erabateko hondamendiaren ostean suspertu eta baldintza eskas haietan lehenengoz trainerua uretaratzeko adorea eduki zuen klubak. Berehala, Deustuko Erriberako pabiloia utzi zien Bilboko Udalak eta harrez gero hura dute egoitza eta arraun eskola. Traineruak 1988an jo zuen gailurra, denboraldi bikaina egin baitzuen. Besteak beste, Bilbo Hiriko banderan seigarren amaitu zuen. Hala ere, hurrengo urteetan beste klub batzuekin elkarlanean aritu behar izan zen traineruari eusteko: Portugaleterekin (1990), Lutxanarekin (2000) eta Algortarekin (2002-2003). Sasoi hartan igarri zen gazte kopurua jaitsi zela eta, ondorioz, kanpaina abiarazi zuen eskola-umeei arrauna hurreratzeko. Neska-mutil andana batu zitzaion eta harrez gero harrobi lan bikaina egin du. Neskatilen atala 2003an jarri zuten martxan. Asko dira Deustuko taldeak beheko mailetan irabazitako tituluak eta lortutako emaitza onak 1983ean gazteek Bizkaiko txapela eskuratu zutenetik.

Harrobi lanaren ondorioak Tomatera traineruraino ere iritsi ziren. 2009an KAE-2 Ligan nagusitu zen, denboraldiko zortzi bandera irabazita. 2010 eta 2012 bitartean KAE-1 Ligan aritu zen. 2013tik KAE2n dago, berriz ere. 

Hektor Ortega