Txakolindegi esan izan zaie txakolina egin eta salgai paratzen zuten baserri eta etxeei. Bilbo aldean albo-herrietan egon ziren gehienbat, Abandon, Begoñan eta Deustuan alegia. Urrezko aroa bigarren karlistada eta 1936ko gerra bitartean ezagutu zuten. Deustuko batzuk artisten topagune bihurtu ziren eta bat, Arbolagaña, herriaren ikur.

Txakolina Deustuko baserrien produkzio nagusia izan zen XVIII. mendetik aurrera, gutxienez. Orduan gero eta ohikoagoa bilakatu zen baserritar txakolingileek etxean bertan saltzea haien ardoa. Baserria denboraldi batez taberna bilakatzen zen, eta baserritarrak, tabernari. Bilbo hazi ahala, gero eta gehiago izaten ziren albo-herrietako txakolindegietara goiz edo arratsalde pasa hurreratzen ziren txinboak, gizon eta emakume, klase sozial guztietakoak. Denboraldia San Jose eta aste santua bitartean hasten zen eta uda akabura arte irauten zuen. Sasoikako txakolindegien legea zen txandaka irekitzea, alegia, bata bestearen atzetik, bakoitzak bere produkzioa agortu ahala. Zabalik zegoenak ereinotz abarra ipini behar zuen bidean eta etxeko ateburuan. Txakolina pitxarretan zerbitzatzen zuten, upeletatik (pipak eta bokoiak) bota eta gero. Jateko, bakailaoa, legatza, makarroiak eta oilaskoak izaten ziren ohikoenak.

Deustuko baserri ia guztietan batzen zen mahatsa, eta kasik guztietan egiten zuten txakolina. Haietako asko izan ziren, noiz edo noiz, txakolindegi eta haietatik eskutada batek ospe handia lortu zuen. ‘Memorias de un bilbaino’ liburuan kontatu zuenez, Zorrotzaurreko Isidrorenean egoten ziren XIX. mendearen amaieran Jose Orueta bilbotarra eta haren lagunak. Horietakoak ziren Anselmo Ginea eta Adolfo Guiard margolariak, Deustuko txakolindegietako bezero fidelak. Sasoikako txakolindegietakoak izan ziren Artetxe Berrizen, Agirre Goirin, Lino Basaben, Matxintxu Madariaga bidearen hasieran… Beharbada ospetsuenak Ibarrekolanda aldean egon ziren. XIX. mendearen erdialdean Irabienek izen handia zeukan. Etxezuritik hurrean zegoen. Sasoikakoen artean, Errondoko eta Susuntza aipatu daitezke alderdi horretan. Eta bapo jatearen fama lortu zuten urte osoa zabalik ematen zuten txakolindegi bik: Arbolagaña eta Pantaleón Rementeria.

Arbolagaña XIX. mendearen amaieran ireki zuten Ibarrekolandan, bide ertzean. Ospe itzela lortu zuen bertako bakailao kazuelen kalitateari esker, baina, batik bat, bere itxura xelebrearen ondorioz. Izan ere, ate aurreko platanondo handiaren gainean mahaia eta aulkiak josi zituzten, baita lehenengo pisuko balkoitik bertara heltzeko pasabidea egokitu ere. Horrela, zuhaitz gaina bazkaltzeko moduan atondu zuten, freskura ederrean udako sargorian eta beti gerizpean. Izena, Arbolagaña, hari zor dio. Basabetarrak izan ziren bertako tabernariak. Haien ondorengo batek, Aitor Basabek, Arbolagaña jatetxea ireki du Bilboko Arte Ederretako Museoan. Arbolagaña Ibarrekolandako eta are Deustuko ikur bilakatu zen. Gerra Zibilean EAJko Deustuko gudariek Arbolagaña konpainia osatu zuten.

Pantaleón Rementeriaren txakolindegia XIX. mendearen erdialdean hasi zen taberna moduan. Rementeriaren gurasoek Landako etxea eraiki zuten Ibarrekolandan, hura ere bide ertzean eta geroago egin zuten Arbolagañatik hur. Etxea Landako izan arren, ugazaben izenak heldu zaizkigu txakolindegia identifikatzeko: Pantaleón, Rementeria edo Montenegro. Txakolinaz gain, bertako sukaldeak famatu zuen, XX. mendearen hasieratik jatetxe gisa lan egin zuen eta. Bilboko plazetako zezenketetara zetozen toreatzaileen kutuna omen zen. Rementeria familiak Ramon Montenegrori saldu zion eta, 1950eko hamarkadan, Ibarrekolanda etxebizitzez betetzen hasi eta Landako eraitsi behar izan zutenean, Enekurira aldatu zuten. Han dago, oraindik ere, Montenegro jatetxea.

Deustuko azken txakolindegiak (Arangoitiko Agirre, Basabeko Lino…) 1960-1970eko hamarkadetan desagertu ziren.

Hektor Ortega