Andolin Eguzkitza Bilbao Santurtzin jaio zen 1953ko abenduaren 6an. Aita, Antolin Eguzkitza, erandiotarra zen eta ama, Celsa Bilbao, portugaletetarra. Gurasoek Santurtziko ikastolaren sorreran parte hartu zuten. Bost anai-arreba izan zituen: Nekane, Edurne, Keltse, Josu eta Iñaki.

 Batxilergoa Bilboko eskolapioen ikastetxean egin zuen 1963-1970 artean. Besteak beste, Justo Maria Mokoroa euskaltzalea irakasle izan zuen.

 Ondoren filologia erromanikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean 1970-1975 artean, Jon Mirande idazleaz egindako tesinarekin. Hainbat ikaslagunekin Euskal Kultura Mintegiko kide izan zen.

 Francoren diktadurako 1972 urtean, jesuitek urtebeterako kanporatu egin zuten unibertsitatetik, ekintza antifrankista baketsuengatik.  Ondoren, ezker abertzaleko taldeetan aritu zen: Euskal Herriko Alderdi Sozialista, Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerra, hurrenez hurren. Eguzkitza, orobat, 2001ean sortutako Aralar alderdiaren kide gogotsua izango zen.

 1972an Euskaltzaindiaren irakasle titulua eskuratua zuen. Garai horretan Udako Euskal Unibertsitatean eta Imanol Berriatuak sortutako Anaitasuna aldizkarian aritu zen. Hain zuzen, Gabriel Aresti poetak, Eguzkitza gaztearen gaitasunaz harrituta, “Munstro bat, bi munstro” (1970-11-15) artikulua eskainia zion aldizkari horretan.

 1975-1976 artean Salamancako Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak, irakasleen artean Koldo Mitxelena zuela. 1976-1978 artean Alemanian egon zen, Koloniako Unibertsitatearen Hizkuntzalaritza Institutuan.

 1980an AEBera aldatu zen, bi urteko masterra egitera Iowa-ko Unibertsitatean. Doktoregoa, aldiz, 1986an eskuratu zuen Los Angelesko Kaliforniako Unibertsitatean.(UCLA) Topics on the syntax of Basque and Romance (1987) tesiaren zuzendaria Carlos Otero izan zen, Noam Chomsky-ren ildoko hizkuntzalaria.

 Gramatika konparatuaz ikerketak egiten jarraitu zuen, 1989an AEBko Massachussets-eko Teknologia Institutuan, eta 1992-1993 artean Alemanian, Hanburgoko Unibertsitatean.

 Deustuko Unibertistatean eskolak eman ondoren, 1987an Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusera aldatu zen. 1991tik hizkuntzalaritza orokorreko irakasle tituluduna izan zen eta 2003an katedra eskuratu zuen. Garai horretan, orobat, teologia ikasten aritu zen Deustuko Unibertsitatean.

 1991n, euskaltzain urgazle, eta 2001ean euskaltzain oso izendatu zuten. 2002an egin zuen “Xalotasunaren laudorioa” izeneko sarrera hitzaldia Santurtziko Udaletxean, eta Xabier Kintanak eman zion erantzuna.

 Dena dela, 1986tik Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kide zen eta 1995etik aurrera Exonomastika eta Azkue Biblioteka batzordeetakoa ere bai. Gero Exonomastika (2002-2003) eta Dialektologia (2003-2004) batzordeetako buru izendatuko zuten.

 Euskal Idazleen Elkarteko zuzendaritzakide izan zen 1995-1997 artean eta ondoren elkartearen buru 1997-2002 artean.

 Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen 1997-2002 artean. Tarte horretan gauzatu zuten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Eusko Legebiltzarrak 1999an onartua.

 Hurrengo eleberri eta poema liburuak idatzi zituen: Lehen orenean (1979), Orhiko mendirantz urratsez urrats (1986), Urkidian zehar (1987), Mila urte igaro eta, ura bere bidean (1993), Herioaren itzalpeetan (1998), Erraietan barrena euria egiten digunean (2001) eta Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki (2004).

 Gainera, edizioak eta itzulpenak prestatu zituen: Joan Tartasen Ontsa hiltzeko bidea (1975), Jon Miranderen Orhoituz (1976) nahiz (H)aur besoetakoa (1987), Constantine Cavafy-ren Poema-antologia (1995), Günter Grass-en Batzarra Telgten (2002) eta Dennis S. Miles-en Laguna (2005).

 Hizkuntzalaritzaren alorrean, hurrengo lanak eta itzulpenak idatzi zituen: Geografidatutegia (1991) Gorka Jakobe Palaziorekin, Johann Gottfried Herder-en Hizkuntzaren jatorriari buruzko tratatua (1995), eta Hizkuntzalaritza orokorra (2004) Maitena Etxebarriarekin. Dena dela, idazlan zientifiko gehienak artikulu gisa argitaratu zituen aldizkarietan.

 Literatura, saiakera eta ikerketa lanak askotariko agerkarietan idatzi zituen: Egan, Pott Bandaren Praka, Xaguxarra, Elhuyar, Saioak, Anaitasuna, Zeruko Argia, Euskaldunon Egunkaria, Berria, Jakin, Hegats, Maiatz, Pamiela, Zintzhilik, Susa, Mazantini, Zehatz, Zutabe, ASJU, Bidebarrieta, Ele, Euskera, Fontes Linguae Vasconum, Hizpide, Karmel, Gogo eta RIEV.

 2004ko martxoaren 24an hil zen Bilbon, 50 urte besterik ez zituela.

 2006an hainbat omenaldi egin zitzaizkion: Santurtziko Udalak haren izena jarri zion plaza bati, Euskaltzaindiak Eguzkitzaren artxiboa katalogatu zuen eta EHUk liburu bat eskaini zion.

 

Antton Ugarte