Deustuko errepublika zaharreko auzoa izan zen Elorrieta. Gaur egun San Ignaziorekin bat eginda ageri bada ere, ia ehun urtez nortasun handiko auzoa izan da, Deustuko lehenengo langile auzoa.

Elorrieta izenak argi islatzen du hura garai batean elorriz estalitako aldea izan zela. Eremu estua zen, itsasadarraren eta Sepurukoatxa edo Monte Cabras mendiaren arteko lur zerrenda mehea. Bertan Ibaizabalek bihurgune itxia egiten zuen, ontzi handientzako arriskutsu samarra. Kai moduan erabili zen eta zeregin horri lotuta idatzi zuten Elorrieta toponimoa 1441eko agiri batean.

XVI. mendearen amaieratik aurrera urtero-urtero Bilboko udal kargudunek Deustura egin ohi zuten jurisdikzio bisitetako ohiko ibilbidean zegoen Elorrieta. Bertara joaten ziren eta aurrerago eginda, Lutxanako dorre parean, Bilboko alkateak harria jaurtitzen zuen uretara, jurisdikzio keinu gisa. Bisita horietako idatzizko testigantzetan Elorrietaren jakingarri batzuk islatu zituzten eskribauek. Adibidez, ainguraleku gisa aipatu zuten (1650) eta 30 urteko gerraren garaian itsasotik letorkeen erasoaren defentsarako lubakiak atondu zituztela islatu zuten (1638-40).

Artean Elorrieta leku bakartia zen, itsasadarra, ihitzak eta deustuarrek ogena esaten zieten nekazaritza-arloak baino ez. Ogen haiek herri-lurrak ziren eta alokatu egiten ziren herritarren artean.

XVIII. mendean Deustuko herriak barku pasaia bi eratu zituen, bat Abandoko Zorrotza auzoaren aurrean, bestea Elorrietan, Barakaldoko Errotabarriara igarotzeko. 1735ean lanean hasita zegoen Elorrietakoa. 1744an etxea eraiki zuten bertan, batelaren ardura zeukanaren bizilekurako. Mendea amaitu orduko herriak bigarren etxea altxatu zuen alderdi hartan. Elorrietako lehenengo etxeak izan ziren.

Bitartean, Elorrietatik apur bat aurrerago, Erandio aldera, Polboretxea eraiki zuten, alegia, bolbora biltegia. 1761ean egin zuten, Deustuko Udalak baimena eman eta gero. Bertan egon zen, leku bakartia zelako, XIX. mendearen amaierara arte.

Sasoi hartan abiatutako garapen kapitalistak zeharo aldarazi zuen Elorrietako itxura eta izana. Lehenengo, Portuko Obren Batzordearen eskutik eta itsasadarra osoa kanalizatzeko lanen barruan, Elorrietan Ibaizabalek egiten zuen bihurgunea leuntzeko lanak egin zituzten, itsasadarraren ibilgua lekuz aldatuta (mendebalderago bideratu zuten, Zorrotzako punta egon zen tokitik). 1880-1884 urte bitartean, Sepurukoatxa mendiaren azpiko aldea lehortu eta eremu zabala irabazi zioten ibaiari. Lursail berriak banatu eta salgai atera zituen Portuko Obren Batzordeak. Enpresek erosi zituzten, lantegietarako: Burt Boulton eta Haywood konpainiak mundrun fabrika paratu zuen (1921ean Altos Hornos de Vizcayak erosi zuen). SA Española de Dinamitak ere lantegia eraiki zuen, baita Tubos Forjadosek eta, geroago (1916), Aceros de Elorrietak.

Aitaren batean paraje bakartia industrialdea bilakatu zen. Ehunka langile ibiltzen zen bertan eta laster sortu zen haientzat etxeak egiteko proiektua. 1903an Ensanche de Elorrieta elkartea eratu zen eta auzo proiektua egin zuen, Portuko Obren Batzordeari erositako orube baterako. Zabalgune hura ez zen osorik egin, baina hari zor zaio ia ehun urtez Elorrietako ikur izan zen Etxe Handia, baita eliza txikia ere (1909). Deustuko Udalak zerbitzu batzuk jarri zituen bertan: hiltegia (1893) eta eskola (1906). Sasoi hartakoa da, halaber, Elorrietako Ponpaketa Etxea (1900), Bilboko ur zikinak Getxoraino bidaltzen zituen makineria.

Deustuko lehenengo auzo langilea izan zen Elorrieta. Eta bizitza handikoa. Langile elkarteak berehala eratu zituzten eta haiek zaintzeko Guardia Zibilaren kuartela zabaldu zuten (1920 urtera arte). Kirol elkarte indartsuak eduki zituen (Elorrietako batelak 1930ko hamarkadan, Racing de Elorrieta eta Elorrietako futbol taldeak…), baita auzoko jaiak (San Jose) ere.

XX. mendearen amaieran, ostera, Elorrietako gune zaharra gainbehera nabarmenean zegoen. Azkenean, Bilboko Udalak Etxe Handia, eliza eta etxe zahar batzuk eraitsi eta haien orubeetan zazpi bloke eta tenplu bat altxatu zituen (2006).

Hektor Ortega