Justo Garate Arriola Bergaran jaio zen 1900eko abuztuaren 5ean. 1901-1906 artean familia Argentinan bizi izan zen.

 1917-1923 artean egin zituen medikuntza ikasketak hainbat hiritan: Valladolid, Bartzelona, Bilbo, Santiago de Compostela eta Madril. Alemanian eta Frantzian ikasketekin jarraitu ondoren, doktoregoa Madrilen eskuratu zuen 1927an.

 1928an Itziar Arostegirekin ezkondu zen eta Bilbon ezarri zuen kontsulta. Halaber, Basurtuko Ospitalean irakasle aritu zen.

 Eusko Ikaskuntzan izena 1921ean eman zuen eta euskal unibertsitatearen aldeko lanean aritu zen. 1932tik aurrera Eusko Ikaskuntzaren batzorde iraunkorreko eta Medikuntza saileko kide izendatu zuten.

 Alderdi jeltzalean ibili ondoren, 1930ean Eusko Abertzale Ekintza alderdi abertzale eta laikoaren sortzaileetakoa izen zen. Hurrengo urtean, Espainiako Bigarren Errepublikaren lehen hauteskunde orokorretan, alderdiaren hautagai izan zen.

 Eusko Jaurlaritzak, 1936an, Euzko Irakastola Nagusia sortu zuenean, Garatek patologia orokorra irakatsi zuen Osakintza Eskolan.

 Garai horretan idatzi zituen lehen liburuak: Joseph Augustin Xahoren itzulpena (1933), G. de Humboldt (1933), Ensayos euskarianos (1935), Juan Antonio Mogelen edizioa (1936-1937) eta La época de Pablo Astarloa y Juan Antonio Moguel (1936).

 Militar kolpezaleak Bilbo okupatzear zeudenean, iparraldera eta ondoren Argentinara erbesteratu zen. Euskal Ikasketen Amerikar Institutuaren sortzaileetakoa izan zen 1943an. La Platan mediku lanetan jarraitu zuen eta 1954-1965 artean Mendozako Unibertsitatean irakasle izan zen, erretiroa hartu arte.

 Argentinan argitaratuko ditu hurrengo liburuak: Viajeros extranjeros en Vasconia (1942), Cultura biológica y arte de traducir (1943), El viaje español de Guillermo de Humboldt (1946) eta Wilhelm von Humboldten edizioa (1951).

 Francoren diktadura amaitu ondoren ere, Amerikan bizitzen eta idazten jarraitu zuen: El carlismo de los vascos (1980), El Colegio de las Vizcaínas de México y el Real Seminario de Vergara (1992) eta Un crítico en las quimbambas (1993).

 Hainbat sari eskuratu zituen azken urteetan: ohorezko euskaltzain, Euskal Herriko Unibertsitatearen ohorezko doktore, Eusko Ikaskuntzaren “Manuel Lekuona” saria edota Espainiako Elisabet Katolikoaren Ordenako kidetza. Euskal Herriko Unibertsitateak bere biblioteka erosi zuen eta gaur egunean Leioako campusean dago.

 1994ko uztailaren 2an hil zen Argentinako Mendozan.

Antton Ugarte