Xabier Lopez de Gereño Arrarte 1924ko abuztuaren 12an jaio zen Bilbon. Oinarrizko ikasketak Bilbon egin ondoren, Francoren diktaduran aita abertzalea lanetik kanporatu eta familia osoa Las Palmas Kanaria Handikora aldatu zen.

 Las Palmasen hasi zituen merkataritza ikasketak eta, Bilbora itzulita, bertan burutu zituen. Ondoren Erandioko La Aeronáutica enpresan kontulari gisa egin zuen lan 1980 arte. Begoña Bilbaorekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten: Jon eta Iñaki.

 Gerraondoan euskal kulturaren eragile nagusinetakoa izan zen Bilbon. 1947an San Anton Abesbatza sortu zuen hainbat lagunekin eta 1948an atxilotu egin zuten, euskal ikastegi bat sortzeagatik. 1955ean Euskal Herriko Txistulari Elkartea berriz abiatu zutenetakoa izan zen. 

 Bilbon Cinsa argitaletxearen sortzaileetakoa izan zen 1957an. Arduradun nagusi gisa, 1962-1971 artean berrogeita hamarretik gora disko plazaratu zituen, euskal kanta nahiz ipuinekin. 1968an berriz atxilotu zuten kanta bat baimenik gabe argitaratzeagatik.

 Cinsa-k, orobat, 1965-1967 artean euskal kantaldi arrakastatsuak antolatu zituen Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, agintari frankistek debekatu zuten arte. 1965ean Euskal Idazleen Elkartea sortzeko Ermuko bileran egon zen, baina elkartea ez zen eratuko 1982 arte.

 Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zutenentzat, testu eta irakurgai errazak prestatzen zituen. Halaber, euskara ikasteko metodoak ere eman zituen argitara gaztelaniaz, frantsesez nahi ingelesez. Eleberri eta antzerki lan ugari idatzi zituen, gaurko munduaren arazoetan girotuak. Guztira 70etik gora idazlan eman zituen argitara.

 Agerkarietan artikulu asko idatzi zituen: Dantzari, Txistulari, Karmel, Zeruko Argia, Anaitasuna, Aizu!, Bilbao edota El Mundo del País Vasco. Bilboko Herri Irratian eta RTVEn ere euskal saio ugari egin zituen.

 Espainiako Trantsizioa abiatuta, 1980tik 1988an erretiroa hartu arte, Euskaltzaindiaren diruzaintzan lan egin zuen, kontularitzan eta Ekonomia batzordean. Halaber, Eusko Jaurlaritzak EITB 1982an sortu ondoren, lehen administrazio kontseiluko kide izan zen.

 1990 urtean emaztea hil eta gero, Reina de la Paz adinekoen egoitzara joan zen bizitzera eta zenbait idazlan gaztelaniaz ere argitaratu zituen. 1998an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

 2011ko apirilaren 4an hil zen, Bilbon.

 

Antton Ugarte