Luis Vicente Pedro Francisco Gonzalez de Etxabarri Martinez de Mendibil “Bingen Aizkibel” 1893ko urriaren 8an jaio zen Ubiden. Batxilergoa Gasteizen burutu ondoren, filosofia eta letren ikasketak hasi zituen, baina ez zituen amaitu.

 Bilboko Euzko Gaztediren zuzendaritzakide eta idazkari izan zen 1914-1916 artean. Elkartearen Juventud Vasca (1913) eta Aberri (1916) aldizkarietan idatzi zuen. Beste agerkari askotan ere bai: EAJk sortutako Euzkadi egunkaria, Euzkeltzale Bazkunaren Euzko Deya, Jesus Sarriaren Hermes edota Euskal-Esnalea.

 Garai horretana argitaratu zituen Bazkunarekin Ipuin aberkoyak (1917), Urretxindorra (1918) olerki liburua eta Cuentos patrióticos (1920). Euzko Gaztedirekin antzerkiak ere taularatu zituen.

 Bilboko Ateneoak euskal bibliografiarako taldea osatu zuenean 1917an, batzordekide izendatu zuten. Ateneoaren Idearium aldizkarian ere idatzi zuen. Urte berean jeltzaleak Bizkaiko Probintzia Diputazioan nagusitu zirenean, euskal biblioteka osatzeko batzordekide izendatu zuten.

 Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuen eta 1919an Euskaltzaindia eratu zenean, euskaltzain urgazle izendatu zuten, baina ez zuen akademiaren aitzindaritza onartu, gainerako sabindar jeltzaleek bezala.

 1919an Euzko Gaztediko arduradun gisa, auziperatu egin zuten espainiar aberriari iraintzeagatik eta matxinatzeagatik, baina epaileak errugabetu egin zituen arduradun guztiak. Halaber, 1920an Jeltzale Ikastundia ateneoaren sortzaileetakoa izan zen.

 Alderdi jeltzalea 1921ean zatitu zenean, Aberri ildo independistaren buruetako bat izan zen. Hurrengo urtean ezkondu egin zen, baina Primo de Riveraren diktadura hastearekin, Argentinara erbesteratu behar izan zen 1924ean.

 Buenos Airesen argitaratuko ditu, 1925ean, Arana-Goiri, bardo de la patria hitzaldia eta Cantos de Euzkadi liburua. Urte beretik alargunduta, Buenos Airesko La Nación egunkariko kazetaritza izan zuen lanbide erretiroa hartu arte.

 Euskal Herriko, Mexikoko eta Argentinako euskal aldizkarietan idatzi zuen. Espainiako Bigarren Errepublikan, EAJ utzi egin zuen, Elias Gallastegiren Jagi-Jagi ildokoek bezala.

 Buenos Airesko Laurak Bat elkarteari eman zion liburutegi pertsonala eta hiriburu horretan hil zen 1971ko abuztuaren 7an.

 

Antton Ugarte