José Luis Goyoaga Escario, 1883ko ekainaren 20an jaio zen Bilbon. Bere aita, Restituto Goyoaga Sarría zen, Bilbon jaioa ere eta bere ama, Begoña Escario Lapoulide, Madrilekoa.

Batxilergoa Orduñako Jesuitetan ikasi zuen eta 1899an lortu zuen titulua. 1900 eta 1904. urteen artean Zuzenbideko karrera egin zuen Deustun. Azterketak Salamanka eta Valladoliden egin zituen eta Miguel de Unamunok sinatu zuen bere titulua Salamankako Errektore moduan. Doktoretza ikasketekin hasi zen eta baita frantsesa eta ingelesa ikasten ere.

Pilar Carrerarekin ezkondu eta sei seme alaba izan zituzten.

Politikari moduan ospe handia izan bazuen ere, abokatu bezala ere ezaguna zen. Eraman zuen kasu garrantzitsuenetako bat Labe Garaietako gerentea zen Manuel Gómezen kontra tirokatu zutenen aurkako akusazioa izan zen.

Hainbat sozietatetan aholkulari izan zen: Banco Central-ean, Euskaldunan, Unión Eléctrica de Vizcaina-n eta baita letratu aholkularia Barakaldoko udaletxean 1908an. Hainbat probintzietan zegoen elkargoturik. Bizkaiaz gain, Donostian, Burgosen, Valladoliden eta Madrilen ere.

Beste hainbat enpresetan kontseilari moduan ere aritu zen. El Pueblo Vasco-koa adibidez, edo Urquijo Vascongado banketxekoa, Luis Salazar, Juan T. Gandarias, Luis Echevarría edo Cosme Palaciorekin batera.

Gerra Zibila hasi zenean, eta bere ideiak eskuindarrak zirela jakina zela ohartuta, Mundakan ezkutatu zen, baina azkenean atxilotu egin zuten. 10 hilabeteko kartzela jasan zuen, Francoren tropak Bilbon sartu ziren arte.

Kontserbadorismoaren barnean hazi zen. Bere gurasoak Chávarriren inguruan omen zeudelako agian. Fernando María de Ybarraren eskutik Partidu Monarkiko Kontserbadorean sartu zen. 1918an nazionalistek izan zuten garaipenaren ondoren, monarkikoak elkartu egin ziren. 1919an egin zuten formalki bateratzea, Bilboko Zirkulu Mauristan.

Gerra amaitu zenean, Bizkaiko Aldundiko presidente izendatu zuten eta 1946an Gorteetako prokuradore aukeratua izan zen, 1947 urtera arte. Hemendik aurrera ez zen politikan gehiago aritu eta bere ogibidean zentratu zen.

1968ko apirilaren 11an zendu zen Negurin.

Izaro Arbilla