Gregorio Timoteo Maidagan Mujika 1891ko martxoaren 12an jaio zen Aretxabaletan. Gurasoak Bonifacio Maidagan Urreta gatzagarra eta Josefa Mujika Aranguren arrasatearra izan zituen.

 Eliz ikasketak Gipuzkoako Baliarrainen eta Gasteizko apaizgaitegian egin zituen. 1914ean apaiztu eta Arrasaten eman zuen meza berria.

 Arabako Urizaharran, Faidu auzoan, urtebete eman ondoren, 1916an Resurreccion Maria Azkuek Bilbora deitu zuen idazkari pribatu gisa. Halaber, urte horretan Miguel Fenollera valentziar apaizak Bilbon sortutako Ave Maria Ikastetxeko mojen kapilau izendatu zuten.

 1919an Euskaltzaindia eratu zenean, Azkue euskaltzainburu eta Maidagan akademiaren idazkariorde izendatu zuten. Besteak beste, akademiaren hizkuntz atlasaren galdeketan (“Erizkizundi irukoitza”) parte hartu zuen 1921-1925 artean. Halaber, Azkueri Euskalerriaren yakintza (1935-1947) folklore bildumako euskal testuak gaztelaniara itzultzen lagundu zion.

 Espainiako Gerra Zibileko etenaldiaren ondoren, 1941ean Euskaltzaindia berriro abiatu zen, Bizkaiko Probintzia Diputazioko Kultura Batzordearen baimenarekin eta dirulaguntzarekin. Francoren diktaduran, Maidagan euskaltzain urgazle izendatu zuten eta akademiaren diruzain izan zen 1941-1954 artean.

 Urte askotan Jesusen Mirabeen kapilau izan ondoren, 1949an Bilboko Elizbarrutia sortu zenean Casimirio Morcillo apezpikuarekin, Jaun Done Jakue katedralean lan egin zuen.

 Azkue euskaltzainburua 1951n hil ondoren, Maidagan testamentu arduradun izendatu zuen. 1953an euskaltzain oso izateko proposatu zuen Ignazio Maria Etxaide euskaltzainburu berriak, baina Maidaganek uko egin zion.

 1957an, Pablo Gurpide buru zuen Bilboko Elizbarrutiak Azkueri omenaldia egin zionean, hurrengo apaizek hitzaldiak eman zituzten: Gregorio Maidagan, Jon Gurutz Ibargutxi, Jose Maria Olaizola eta Andres E. Mañarikua.

 Bilbon hil zen 1961eko martxoaren 30ean.

Antton Ugarte