Imanol Berriatua Ibieta 1914ko abenduaren 24an jaio zen Elantxoben. Eliz ikasketak frantziskotarrekin egin zituen hainbat herritan: Forua, Arantzazuko santutegia, Zarautz, Erriberri eta Aguilera.  Espainiako Gerra Zibilean, Kubara erbesteratu eta 1938an apaiztu zen bertan.

 1950ean erbestetik itzulita, Foruko komentuan bizi eta bertako irakasle izan zen. Besteak beste, ikasle izan zituen gero Yakin (1956) aldizkariaren inguruan kultur taldea osatuko zutenak.

 Garai horretan Federiko Krutwig euskaltzain gaztearen literatur taldean aritu zen hainbat lagunekin: Eusebio Erkiaga, Juan Gorostiaga, Otxolua, Lino Akesolo eta Mikel Arruza. Ondoren Gabriel Arestirekin harremanetan ibili zen.

 Anaitasuna (1953-1982) aldizkaria sortu zuen, izen bereko frantziskotar aldizkariaren Bizkaiko gehigarri gisa. Berriatua lehen zuzendaria eta arduradun nagusia izan zen. Hasieran bizkaiera batuaren eta ondoren euskara batuaren alde egin zuen, aldizkariko artikuluak banan banan zuzenduz.

 Halaber, hainbat otoitz liburu eta katixima argitaratu zituen: Lagunarteko mezea (1954) edota Kristiñau katezismoa (1956). Bermeoko komentuan bizi izan zen 1957-1967 artean eta arrantzaleen kapilau gisa Afrikara joaten zen itsasontzian hilabete luzez. Geroztik Bilbon bizi izan zen, Iralabarriko komentuan.

 1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1968an Arantzazuko santutegiko biltzarrean parte hartu ondoren, Aditz batzordeko kide izan zen 1972-1979 artean.

 1976an, Israelen egon zen Xabier Kintanarekin. Bertako Hezkuntza ministerioaren laguntzaz, hebreera irakasteko metodologiak eta azpiegiturak ezagutu zituzten. Israelgo Gobernuaren dirulaguntzarekin hebreera ikasten aritu zen. Eredu horretatik sortu ziren “euskaltegiak”, hain zuzen, Berriatuak asmatutako izenarekin.

 Halaber, Euskaltzaindian eratu ziren Berriatua buru zuen Oinarrizko Euskararako batzordea eta Hitz egin! (1978-1982) mailakako irakasbidea. Ikasleentzako irakurgai erraz gisa, Itsasoa eta ni (1981) eta Ikasle Israelen (1982) liburu autobiografikoak idatzi zituen.

 1980an Israelera bidaia antolatu zuen euskaldun talde handi batekin. Hurrengo urtean berriz joan zen hebreera hobetzeko asmoz, eta ezustean hil zen Jerusalemen 1981eko irailaren 15ean. 

 

Antton Ugarte