Julio Jáuregui Lasanta Bilbon jaio zen 1910eko urtarrilaren 7an. Eustaquio Jáuregui Achutegi, bere aita, Nafarroakoa zen, Learzakoa hain zuzen ere eta bere ama, Isabel Lasanta Viguera, Alcanadrekoa, Errioxan. Lau seme izan zituzten, Julio eta bere anai txikia, Adrián, Zuzenbide ikasketan burutu zituzten. Deustun ikasi zuen eta ikasle bikaina izan zen. Gizarte gaietan espezializatu zen eta egun abokatu laborista bat izango zenaren lanak egin zituen. Gaztetatik sindikatu nazionalista zen Solidaridad de Obreros Vascos-ekin batera aritu zen.

Mugimendu katoliko sozialeko kide izan zen eta honen ekimen ezberdinetan hartu zuen parte, hala nola, Acción Católica-ko propagandista, AVASC-eko kide, SOV-eko propagandista ere izan zen Errepublika garaian, elizaren doktrina soziala jakitera ematen saiatu zen urte hauetan. Bere hitzetan, EAJ-n sindikalismo solidariotik sartu izan zen eta bera ere mugimendu sindikalean izandako ospeagatik hauteskundeetarako hautagai proposatu zuten.

Gerra hasi zenean Bizkaiko Defentsarako sortutako Biltzarreko kide izan zen. 1936ko abuztuaren 8an eratu zena, Errepublikaren aurkako sublebazioa saihesteko. Gerora, lehenengo Eusko Jaurlaritza sortu zenean, 1936ko urriaren 7an, lehendakaritzaren lehenengo aholkulari juridikoa izan zen. Presoen liberazioaren alde egin zuen eta gero, Santoñako paktua bideratu zuten negoziazioetan hartu zuen parte. Aguirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren idazkari orokorra izendatu zuen eta Gerra galduta Aguirre eta Companysekin batera erbesteratu zen.

Lehenengo Parisera, gero Ardecheko departamentura bidali zuten eta 1942an Mexikora heldu zen. Bertan Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzako idazkari izan zen. Mexikoko Euzko Deya publikazioa bultzatu zuen. Telesforo Monzón kontseilariarekin batera Errepublikako partiduekin elkarrizketak izan zituzten frankismoaren aurka egiteko.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Europara itzuli eta Biarritzen ezarri zen.  EAJ-ko Idazkari Teknikoa izendatu zuten, sei urtez egon zen kargu honetan. EAJ-ren estrategia europarra bultzatu zuen eta erbesteratuekin lanean jarraitu zuen, frankismoarekin amaitzeko asmoz. Baina 1950. urtean frankismoa indarrez ezarrita eta barneratua zegoen gizartean eta Jáuregi 1952. urtean politika alde batera uztea erabaki zuen, bere ogibidearekin jarraitzeko. Hala ere, bere partiduarekin kolaboratzen jarraitu zuen.

1976ko abenduan, berriz ere itzuli zen politikara, Negoziazio Komisioaren kide izendatu zuten, Suarezen Gobernuarekin trantsizio demokratikoa ituntzeko. 1979an senatari aukeratu zuten eta Estatutuaren aldeko kanpainan parte hartu zuen. Handik hiru urtera, 1981eko otsailak 10ean zendu zen Madrilen.  

Izaro Arbilla