Jose Maria Errazti Perez de Saratxo “Oraitz” 1890eko martxoaren 2an jaio zen Begoñan. Negozioak Espainian eta Kuban zituen industrialari familia aberats bateko kide zen.

 Karmele Errazti (1885-1954) arreba, Emakume Abertzale Batzako buru izan zen, eta Ceferino Jemein politikariaren emaztea.

 Joseba Mirena neba, berriz, Bilboko Euzko Gaztediren zuzendaritzakide (1912-1913) eta buruorde (1921-1922) izan zen. Halaber, Maria Jesus Ibazeta Emakume Abertzale Batzako kidearekin ezkondu zen.

 Bilboko Institutuan Kirikiñoren euskara katedrako ikasle izan ondoren, Euzkeltzale Bazkunaren sortzaileetakoa izan zen 1910ean. Bazkunatik, Euzko Deya aldizkarian idazten eta euskara irakasten aritu zen. Halaber, Imanol Arriandiagaren liburuak edota Euzkel-abestijak argitaratu zituen.

 Errazti izan zen, orobat, Bazkunaren Método gradual para aprender el euzkera (1918) ikasbidearen egile nagusia, bost argitaraldi izango zituena 1958 arte.

 Euskaltzaindia 1919an eratu zenean, euskaltzain urgazle izendatu zuten, baina ez zuen akademiaren aitzindaritza onartu, gainerako sabindar jeltzaleek bezala.

 1921ean alderdi jeltzeletik kanporatua izan zen, eta 1923an Aberri ildo independistaren Bizkai Buru Batzarreko idazkari izendatu zuten. Halaber, Luis Aranaren adiskide mina izan zen.

 1930ean bi alderdi jeltzaleak batu arren, Espainiako Bigarren Errepublikan Erraztik ez zuen bide autonomista onartu eta EAJ utzi egin zuen. Alde egindakoek Bizkaiko Mendigoizale Batza zuten oinarri, Elias Gallastegi buru zuen Jagi-Jagi ildokoa.

 JEZ metalezko eraikuntza enpresa sortu zuen Bilbon 1926an, Ceferino Jemein eta Cipriano Zenitagoiarekin. Gerra Zibilean, JEZek, enpresa militar gisa, Eusko Jaurlaritzarendako lan egin zuen.

 Militar kolpezaleak Bilbo okupatzear zeudenean, Errazti erbesteratu egin zen. 1941erako Bilbora itzulita, agintari frankistek jarritako isuna oradindu zuen enpresa berreskuratzeko.

 1949ean, burdinbide enpresa arrakastatsu bilakatuta, JEZ Bilbotik Arabako Laudiora eraman zuen. Langileen familiak euskal giroan bizi zitezen, Galmaka auzoan hainbat egitura eraiki zituen. 1960an Arabako lehen ikastola sortu zuen, Agurtzane Alberdi irakasle zela.

 Hainbat egile jeltzaleren liburukiak argitaratu zituen 1960ko hamarkadan Embor sailean.

 1964ko maiatzaren 19an hil zen Bilboko Abando auzoan.

 

Antton Ugarte