Juan Gardeazabal Garaik futbol epaile edo arbitro moduan mundu mailako ospea lortu zuen. Hiru munduko txapelketetan arbitratu zuen lehenengoa izan zen. Oso gazte hil zen, artean epaile lanetan segitzen zuela.

Santutxun jaio zen 1923ko azaroaren 27an. Artean hura Begoñako udalerria zen. Hil, Fika kaleko bere etxean hil zen 1969ko abenduaren 21ean. Fika kalearen ondoan dago, hain zuzen, haren izena erakusten duen kalea.

Garai hartako arbitro gehienak bezala, gaztetan futbolaria izan zen. Hala ere, arazo fisikoak tarteko, laster utzi zion jokatzeari eta, haren ordez, epaile lanetan hasi zen. 1946-47 denboraldian Erregional Mailan zuzendu zituen bere lehenengo partidak. Gutxika-gutxika mailaz maila igotzen joan zen, harik eta 1952-53 denboraldian Espainiako Ligako lehenengo mailako partidak arbitratzen hasi zen arte. Lehenengoa, A Coruñako Deportivo-Sevilla norgehiagoka izan zen. Denetara hamazazpi denboraldi egin zituen lehenengo mailan eta 233 partida zuzendu zituen.

Garai hartan ohi zen bezala, beste lanbide bat zeukan Gardeazabalek, kontularia baitzen Bilboko enpresa batean. Ogibidea eta epaile lanak uztartu behar izan zituen, urte askotan gainera. Hala ere, laster nabarmendu zen Espainiako arbitroen artean eta nazioarteko partidak zuzentzeko deitu zuten. Horrela, 1958an bere lehenengo munduko txapelketan arbitratu zuen, Suedian. Ondo egin zuenez, harrez gero partida ugari zuzendu zituen nazioarteko txapelketetan. Munduko Txapelketetan beste birritan egon zen, hurrengo bietan alegia, Txilen (1962) eta Ingalaterran (1966). Urte askotan Munduko Txapelketetan partida gehien (zazpi) arbitratu izanaren marka eduki zuen. Mexikora ere joatekoa zen, FIFAk gonbidatu zuelako, baina lehenago hil zen.

Munduko Txapelketaz gain, Europako Kopa, Ferietako Kopa eta Europako Errekopako partidak zuzendu zituen. 1967ko Kontinente Arteko Futbol Kopako finalean ere epaile aritu zen. Glasglown (Eskozian) izan zen, 170.000 ikusleren aurrean. Celticek 1-0 irabazi zion Argentinako Racing de Avellanedari.

1969ko abenduan, 46 urte besterik ez zuela, gaixotasun larri eta azkar baten ondorioz hil zen Juan Gardeazabal.

Hektor Ortega