Itinerario por el Bilbao de Julene Azpeitia.

Julene Azpeitia Gomez “Arritokieta” 1888ko urtarrilaren 8an jaio zen Zumaian. Donostiako eta Bilboko Irakasle Eskoletan ikasi ondoren, 1911n Valladoliden eskola maistrarako lehiaketan lehenengo postua eskuratu zuen.

 Bizkaian eman zituen eskolak urte luzez, besteak beste, Ovide Decroly belgikar pedagogoaren ildotik. 1916an, Enrike Eskauriazarekin ezkonduta, Mexikora joan zen bizitzera. 1918an Mexikoko Euskal Etxeak antolatutako jaialdian hasi zen euskaraz idazten.

 Euskal Herrira 1920an itzulita, Bizkaiko Probintzia Diputazioaren auzo eskoletan (Zornotza, Abadiño) aritu zen eta ondoren emakumezko langilegoaren zuzendari lanpostua irabazi zuen lehiaketa bidez.

 Euskaltzaindiaren eta Probintzia Diputazioaren Euskal Kultura Batzordearen eskariz, Osasuna, merketza ta yanaritzaz (1922) sukalde liburua argitaratu zuen.

 Diputazioaren 1925eko saria irabazi zuen Irakurri matte irakurgai liburuarekin. Hala ere, Primo de Riveraren diktaduraren zentsuragatik, 1932 arte ez zen argitaratu, Euzko Ikastola Batza federazio berriaren eskutik.

 Espainiako Bigarren Errepublikan, Emakume Abertzale Batzako kide eta Euzko Irakasle Batzaren buruetako bat izan zen Bilbon, Eusko Ikaskuntzan parte hartzeaz gain. 1933an, halaber, Euskaltzaleak elkartearen “Kirikiño” saria irabazi zuen. Lauaxetak eskatuta, Euzkadi egunkariaren “Euzkotar umien aldez” saila idatzi zuen.

 Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzaren Eguna (1937) egunkarian idatzi zuen, baina irakurgai liburu gehiago argitaragabe geratu ziren. Agintari frankistek zigortuta, Burgosa deserritu zuten sei urtez, Mena Haranean eskolak ematen aritu zela.

 Zegoeneko Durangon bizi zela, hainbat ipuin didaktiko eta irakuketa liburu argitaratu zituen: Azeri jauna (1960), Amandriaren altzoan (1961), Umien adizkidia (1961) eta Zuentzat (1974).

 Aldizkari askotan idatzi zituen eta irratian ere sarri aritu zen. Euskaltzaindiaren biltzarretan (1961, 1963) parte hartu zuen txosten banarekin, eta 1964ean euskaltzain urgazle izendatu zuten.

 1975ean ohorezko euskaltzain izendatu zuten, Tene Mujikarekin eta Madeleine Jauregiberrirekin bat, Nazio Batuen Erakundeak ospatutako lehendabiziko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira.

 Bilbon hil zen 1980ko otsailaren 5ean.

 

Antton Ugarte