Euskalaritzaren aitatzat jo dute adituek Julio Urkixo Ibarra deustuarra. Elizate zaharrean jaio zen eta, umetan euskararik jakin ez arren, ikasi egin zuen eta buru belarri murgildu zen hizkuntzaren gaineko ikerketa zientifikoa bultzatzeko lanetan. Euskal liburu eta testu zaharretan behar itzela egin zuen eta euskalaritzan itzal handia eduki duen RIEV aldizkaria sortu zuen.

Meatze eta lehenengo lantegi kapitalisten etekinez aberastu zen oligarkiaren semea zen Julio Gabriel Ospin-Urkixo Ibarra, Julio Urkixo. Kaba jauregian jaio zen, Deustuan, 1871ean. Jauregi hori oraindik dago zutik, Deustuko Unibertsitatearen ondoan. Bi dira, izatez, aitite Gabriel Maria Ibarrak Kaban eraikiarazi zituen jauregiak. Bilbotik hurrago dagoenean jaio zen Julio. Handik gutxira Bigarren Gerra Karlista (1873-76) lehertu zen eta familia osoak Santander aldera jo zuen.

Gerra ostean jauregiok txikituta zeuden eta berriz konpondu behar izan zituzten. 1878an itzuli zen familia Deustura. Ibarratar haiek Ingalaterra eta Frantziarekiko loturak zituztenez, laster ikasi zituen Julio gazteak hala ingelesa nola frantsesa. Volapük hizkuntza asmatua ere jorratu zuen (liburu bat argitaratu zuen: Konils Volapükik. Euskararekiko grina, Kabako kaperau izendatu zuten Resurrección María de Azkuek piztu zion, gehienbat.

Deustuko Unibertsitatean zuzenbide ikasi ostean, Donibane Lohizunera ezkondu zen, Bizenta Olazabalekin. Errefuxiatu karlista ezagun baten alaba zen eta, alde horretatik, ezkontide bien familien joera politikoak bat zetozen. Lapurdiko herri horretan bizi izan zen Lehenengo Mundu Gerrara arte. Orduan Donostiara aldatu zen.

Han bizi bitartean lan eskerga egin zuen euskalaritzan. Ardura nagusia zerabilen buruan: artean euskara aztertu zuten euskaldunak eta kanpotarrak ildo desberdinetatik zebiltzan. Urkixoren ustez, ezinbestekoa zen euskara irizpide zientifikorik modernoen arabera aztertzea eta zeregin horretan bertoko eta kanpoko ikertzaileen arteko elkar trukaketa erraztea. Helburu horiekin sortu zuen 1907an Revue Internationale d’Etudes Basques aldizkaria, gerora izena gaztelaniaz jarri eta haren akronimoaz, RIEV, ezagutzen dena. 

Bitartean euskal testu eta liburu zaharren bila zebilen Urkixok. Klasikoak berriro argitaratu, ezagutzera eman, eta edizio kritikoak egiteko lan egin zuen. 1905ean Joanes Etxeberri medikuaren testuak aurkitu zituen. Laster argitaratu zituen (1907). Euskal Herri euskaldunetik hamaika ostera egin zituen liburu zaharretan. Horietan aurkitutakoekin eta atzerriko liburudendetan erositakoekin egundoko liburutegia osatu zuen. Urkixo hil ondoren Gipuzkoako Aldundiak eskuratu zuen, eta orduan jakin zen 10.000tik gora ale zeuzkala, liburu, eskuizkribu, aldizkari eta agiri. Tartean ziren 1545 eta 1799 bitartean idatzitako euskarazko berrehun titulu. 

1918an Euskaltzaindia eratu zenean, lehenengo lau euskaltzainetako bat izendatu zuten, Azkue, Arturo Campion eta Luis Eleizalderekin batera. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzaren (1918), Euskalerriaren Alde aldizkariaren (1991) eta beste proiektu batzuen sortzaile izan zen. Euskaraz lan gutxi argitaratu zuen. 

Politikari dagokionez, 1903an diputatu atera zen Gipuzkoatik, karlisten izenean. 1931n berriz ere Gipuzkoan diputatu aukeratu zuten, koalizio katoliko-foruzalearen zerrendan. Gerra Zibila piztu zenean Donostiatik ihes egin zuen. Etxean laga zuen bere biblioteka, baina Eusko Ikaskuntzak abisua eman zion Aldundiari. Gizon oste armatua bidali zuen liburuak jaso, paketetan bildu eta leku seguruan gorde zitzaten.

Gerra ostean Urkixo Donostiara itzuli zen. Bertan hil zen 1950ean. Garai hartan RIEV eta Euskaltzaindiaren jarduna etenda zeuden. Geroago berpiztu ziren. 

Hektor Ortega