Karmelo Etxenagusia Uribe 1932ko apirilaren 24ean jaio zen Durangoko Iurreta auzoan. Eliz ikasketak burutu zituen Gordexolan eta Arteagan 1943-1944 artean, eta Gasteizko apaizgaitegian 1946-1955 artean.

 1956an Derioko apaizgaitegi txikian hasi zen irakasle. Apizgaitegi nagusian euskara eskolak ere ematen zituen. Giro horretan prestatu zuten Lagunarteko mezea orienteko kristiñauen eraz (1959) otoitz liburua.

 Comillasko Unibertsitatera doa 1958-1960 artean, zuzenbide kanonikoa ikastera. Ondoren Derioko apaizgaitegi nagusira itzultzen da, teologia irakasle. Eliz zuzenbide publikoaz gain, euskara ere irakasten du.

 Euskara eskolak hobeto eman ahal izateko, euskal literaturaren bi antologia prestatu zituen ziklostilez, bata bizkaieraz (1965) eta bestea gipuzkeraz (1967). Bi liburukiotan oinarrituta, Euskal idazleen lorategia (1969) argitaratu zuen gero.

 1968an Bilboko Elizbarrutiko kantzeler izendatu zuten eta apezpikuaren ondoko izan zen luzaroan hainbat zereginetan, bereziki agiri ofizialen euskaratzaile gisa. 1979an elizbarrutiko bikario nagusi izendatu zuen.

 Vatikano Bigarrena Kontzilioaren garaian, Bilboko Elizbarrutiko Liturgi Batzordeko kide izendatzen dute, Lino Akesolo buru zela. Hortik sortu zen Alkartu danok (1970) meza liburua. Euskalerriko Liturgi Batzordeko itzultzaile taldeko kide gisa, Erromako meza-liburuan (1984-1988) parte hartu zuen.

 1970ean Labayru Ikastegia eta Udako Euskal Ikastaroak sortu ziren Derioko apaizgaitegian, Ander Manterola buru zela. Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate izan ziren hasierako irakasleak.

 Ikastaroetatik sortu ziren Euskal idazleak bizkaieraz (1980) eta Iparraldeko euskal idazleak (1981) antologia berriak. 1989an eman zuen azken ikastaroa Derion eta omenaldia egin zitzaion.

 Euskerazaleak elkarteko kide izan zen eta ez zuen euskara batuaren alde egin. Hala ere, 1965etik zen euskaltzain urgazle eta 1998ean ohorezko euskaltzain izendatu zuten. 2003an Euskerea nire bizitzan liburua argitaratu zuen.

 1989-1990 ikasturtean Erroman izan zen teologia ikasketak berritzen. Ondoren Begoñako Andra Maria basilikako erretore izan zen, 1995ean apezpiku laguntzaile izendatu zuten arte. 75 urteak beteta, 2008an hartu zuen erretiroa. Urte bereko azaroaren 6an hil zen Berrizko komentuan.

Anton Ugarte