Martín Zavala Andirengoechea Baionan jaio zen 1838ko martxoaren 11an. Bere gurasoak, Martín Zavala Ereño eta Felipa Andirengoechea Mena, merkatariak ziren. Bere arreba Bilbon jaio bazen ere, Martín I Gerra Karlistaren baitan heldu zen eta erbestean jaio zen. Encarnación Arellanorekin ezkondu zen, Romualdo Arellano Garcíaren alabarekin, eta zazpi seme-alaba izan zituzten elkarrekin.

1856an Madrilen Zuzenbidea ikasten hasi eta Valladoliden burutu zuen. 1862an amaitu eta Doktoretza egitera Madrilera joan zen.

1863ko apirilean Bilbon erroldatua agertzen da. Urte horretan hasiko da Bizkaiko bizitza publikoan parte hartzen. 1865ean Ateneo Bilbaínoa sortuko du eta baita Bilboko Instrucción y Caridad liburutegia ere.

Negozioetan egindako ibilbidea ere, Romualdo Arrellanorekin egin zuen. 1867tik-1877ra Arellanorekin Bilbao-Tudela trenbideko kontseilari aukeratu zuten. 1880an Bizkaiko trenbide zentralaren eraikuntzan hartu zuen parte eta 1868an Lamiakoko bainuetxeen aferan aritu zen.

1865-66 eta 1876. urteetan Bilboko Udaletxeko Erregidore izan zen, José María Jane alkate zelarik. Biltzar Nagusietan ere hartu zuen parte, bozka sisteman aldaketa bat eskatuz, Balmaseda eta Bermeoko ordezkarien antzera.

1868an Erregidore karguan zegoen Isabel IIak Espainiako Erresumatik alde egin zuenean. Korreo kaleko 21.ean bizi zen bere emaztea eta zazpi seme-alabekin. Abokatu lana egiten zuen eta era berean, negozioak ere aurrera eraman zituen. Etxe honetaz gain, Las Arenasen ere izan zuen udako etxe bat eta baita Kuban ere. 1871an Bilboko Udal Epaitegiko fiskal izendatu zuten.

1872an 3. alkateorde moduan sartu zen Udaletxean, Francisco Mac Mahon Jane alkate zenean. Hurrengo urtean kargua utzi zuen, Ricardo de Nárdeizen ordez, Asanblada Nazionalerako, Durangoko ordezkari aukeratu zutenean.

1874an Auxiliares de Bilbao batailoian gudukatu zen, 6. kanpainako setioan, besteren artean, Luis Zubiriarekin.

1876an Bizkaiko Foruetako Komisioan parte hartu zuen eta bertan Cánovasekin akordio batera heltzeko prest, moldagarrien artean agertzen da.

Meritu Militarraren Gurutze Gorria eman zioten, 1874an Bilboko Setioan izan zuen partaidetzagatik. Probintziako Aita ere izendatu zuten, Foruen alde egin zuten beste parlamentarioen antzera.

Senatuan eta Kongresuan bide luzea egin ondoren, 90 urte zituela zendu zen Bilbon 1929an.

Izaro Arbilla