Miguel Angel Astiz Iglesias 1919ko irailaren 1ean jaio zen Iruñean. Lehen ikasketak Iruñeko eskolapioekin egin zituen eta ondoren Bilboko Merkataritza Eskolan ikasi zuen.

 Espainiako Bigarren Errepublikan, JOCeko kide, Nafarroako Agrupación Escolar Tradicionalista-ren buru eta Iruñeko Muthiko Alaiak elkartearen kide izan zen.

 Gerra Zibilean, erreketeen kapitain gisa Errepublikaren aurka borroka egin zuen. Hala ere, 1937ko urrian Burgosen Franco jeneralaren aurreko karlista-falangista arteko istiluen ondoren, Astiz atxilotu egin zuten.

 Francoren diktaduran, kazetari gisa aritu zen lanean, Iruñeko El Pensamiento Navarro egunkari karlistan 1939-1955 artean. Bigarren Mundu Gerran, egunkaritik agintari frankisten germanofiliaren aurka egin zuen. 1944ean berriz atxilotu eta Zaragazoara deserritu zuten.

 Halaber, 1940an sortutako Oberena elkarteko kide, Muthiko Alaiak-en buru (1941-1948) eta Nafarroako Caritas-eko zuzendaritzakide (1941-1947) izan zen. 1943an Aralarko San Migel Goiangeruaren santutegiko patronatuaren sortzaileetakoa izan zen.

 Garai horretan Romerías navarras (1944) liburua argitaratu zuen Dolores Baleztenarekin, tradizionalismo euskaltzalearen ildoan. Halaber, 1946ko eukaristia biltzarra antolatzen aritu zen Iruñean.

 1955-1984 artean, Bilbora aldatuta, La Gaceta del Norte egunkarian lan egin zuen erretiroa hartu arte. 1955ean Euskal Herriko Txistulari Elkartea berriz abaiarazi eta Txistulari aldizkariaren zuzendari izan zen. Egunkarian euskal hizkuntza, kultura eta hezkuntzaz artikulu ugari idatzi zituen.

 1957an Elorrioko irakasle bat eskolan euskaraz egiteagatik zigortzear egon zirenean, Jesus Rubio García-Mina Hezkuntza ministroari kexua idatziz ezarri zion. Seguru asko horrexegatik, 1958an euskaltzain urgazle izendatu zuten ez ohiko erabakiz.

 Gerediaga Elkarteko ohorezko kide eta Guerediaga (1966) aldizkariaren lehen zuzendaria izan zen. Halaber, 1967an Bilbon sortutako Euskerazaleak elkarteko zuzendaritzakide izan zen eta Jose Antonio Retolatzaren Kili-Kili (1964) haur aldizkarian parte hartu zuen.

 Beste hainbat elkarteko kide izan zen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Iruñako Euskalerriaren Adiskideak edota Euskal Dantzarien Biltzarra.

 Bizkaiko Foru Aldundiak 1984ko martxoan omenaldia egin zion. Urte bereko maiatzaren 16an hil zen Barakaldon.

 

Antton Ugarte