Telesforo Monzon Ortiz de Urruela 1904ko apirilaren 1ean jaio zen Bergaran. Madrilen zuzenbide ikasketak egin zituen, baina amaitu gabe utzi zituen. 1933an Maria Josefa Ganuzarekin ezkondu zen.

 Espainiako Bigarren Errepublikan, Bergarako Udalaren zinegotzi hautatu zuten 1931n, EAJren izenean. Hurrengo urtean Gipuzko Buru Batzarrako buru izendatu zuten. Lizarrako Estatutuaren alde egin zuen. 1933ko eta 1936ko hauteskundeetan Espainiako Diputatuen Kongresuko kide hautatu zuten.

 Espainiako Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritza eratu zenean Barne Arazoetako sailburu izendatu zuten 1936an. Besteak beste, Ertzantza sortu eta Boletinaren argitalpen elebiduna. 1937ko urtarrilan, Bilbo Francoren aldeko hegazkinak txikitu ondoren, zenbait pertsona armaturik eskuindar presoen hilketak eragin zituzten, kartzelak gutxi zaindurik zeudelako eta sortutako krisiaren arduradun nagusia izan zen, dimisioa aurkeztu zuelarik, baina Agirrek ez zion onartu.  Militar kolpezaleak Bilbo okupatzear zeudenean, Frantzia eta Belgikara erbesteratu zen 1937-1941 artean.

 Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Maroko eta Senegaletik igaro ondoren, Mexikora erbesteratu zen. Bertan argitaratuko du Urrundik (1945) olerki liburua.

 1946an Parisa itzuli zen Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburu gisa lan egiteko. Baina EAJk Monzonen espainiar monarkikoekiko elkarlana onetsi ez zuelako, Kultura sailburutza utzi egingo zuen 1953an. .

 Garai horretan, Euskaltzaleen Biltzarrean, Gernika Bazkunean eta Euskal Mundu Biltzarrean parte hartu zuen. Gudarien egiñak (1947) olerki liburuaz gain, hainbat aldizkaritan idatziko du.

 Ondoren antzerki ugari idatzi eta taularatzeari ekin zion 1956-1966 artean: Lau kantari eta xori bat, Menditarrak, Gure behia hila da! edota Eneko Bizkai eta Maria Lorka. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1966an.

 Donibane Lohizunen 1969an Anai Artea elkartea sortu zuen Piarres Larzabalekin, Francoren diktadurako iheslariei laguntzeko. ETAko kideekin elkarlanean arituko da eta kanta ezagunak sortuko ditu: “Itziar-en semea” edota “Lepoan hartu”, besteak beste.

 Espainiako Trantsizioan, 1977an Bergarara itzuli, EAJ utzi eta ezkerreko independentistekin bat egin zuen. Sinbolo bilakatuta, hainbat aldiz atxilotu zuten.

 Diputatu hautatu zuten, hala ere 1979ko Espainiako hauteskunde orokorretan nola 1980ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Herri Batasunaren izenean. Hala ere, koalizioak ez zuen erakundeetan parte hartu.

 Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an.

Antton Ugarte