Jesus Oleaga Etxeberria 1914ko uztailaren 7an jaio zen Zeanurin. Aita, Nazario Oleaga Zeanuriko Udalaren idazkaria zen, abokatu karlista ezaguna eta Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako.

 Hain zuzen, aitak eraman zuen Jesus gaztetxoa Eusko Ikaskuntzaren 1922ko biltzarrera, Gernikan. 1925ean familia Bilbora aldatu zen, eta zuzenbidea ikasi zuen Bilbon 1931-1936 artean, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian.

 Euzko Ikasle Batzan izena eman zuen 1932an eta Bizkaiko batzordearen idazkari izendatu zuten 1934an. Halaber, euskara eskolak eman eta EAJren Euzkadi egunkarian kronikak idatzi zituen.

 Eusko Ikaskuntzaren inguruan, orobat, Autonomia Estatutuaren eta euskal unibertsitatearen aldeko lanean aritu zen.

 Gerra Zibilean, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren armadan eta ondoren militar kolpezaleen armadan egin zuen borroka.

 Francoren diktaduran, aitaren Bilboko bulegoan lanean hasi eta 1943an Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunean izena eman zuen. Abokatuen Bazkuneko zuzendaritzakide izan zen aldizka 1962-1982 artean. Halaber, Bizkai Aurrezki Kutxako administrazio kontseiluaren kide izan zen.

 Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1965ean. Euskaltzaindiak Nazario Oleaga akademiaren idazkari izan zenari omenaldia egin zionean 1984ean, Jesus Oleaga semeak hitzaldia eman zuen.

 Hala ere, ez zuen euskara batuaren alde egin eta 1967an Euskerazaleak elkartea sortu zutenean Bilbon, Jesus Oleaga  buru izendatu zuten, 1977 arte.

 Euskalerriaren Adiskideen Elkartean izena eman zuen 1969an eta Bizkaiko batzordekide nahiz idazkari izan zen 1977-1997 artean.

 Besteak beste, Deustuko Unibertsitateak antolatutako Euskal Antropologia Asteetan parte hartu zuen eta foru zuzenbidearen azterketa bultzatu zuen.

 Espainiako Trantsizioan, Adrian Zelaia legelariak Bilboko Merkataritza Etxean zuzendutako batzordeko kide izan zen 1976an. Espainiako Gobernuaren aginduz, Bizkaia eta Gipuzkoarako Ekonomia Ituna berreskuratzea aztertzen ari ziren.

 Euskadiko Autonomia Estatutua onartu ondoren, Eusko Legebiltzarraren Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen (1992) idazketa batzordekide izan zen.

 1995ean Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Bizkaiko batzordeak omenaldia egin zion Zeanurin.

 

Bilbon hil zen 1998ko urtarrilaren 6an.

Antton Ugarte