Polixene Trabudua emakume aitzindaria izan zen euskal politikan. Errepublikaren sasoian mitinlari sutsu gisa nabarmendu zen. Gerra ostean Venezuelan bizi izan zen erbesteraturik.

Sondikan jaio zen Polixene, 1912ko irailaren 22an. Bilbon ikasi zuen eta, ondoren, Sondikako ikastolan hasi zen irakasle. Sasoi hartan hartu zuen Jose Mandaluniz senargaitzat. Athleticeko jokalariaz izateaz gain, mutila abertzale sutsua zen eta haren eraginez hurreratu zen Polixene abertzaletasunera. Ideia haiekin minberatuta, konpromiso handiak hartu zituen: Euzko Gaztedi, Mendigoxaleak, Emakume Abertzale Batza… Euskara eskolak ere eman zituen gauaz Euzko Gaztedikoentzat, Bidebarrieta kalean.

Behin Esteban Urkiaga Lauaxetak konbentzitu egin zuen Urduñako batzokiko inaugurazioan berba egiteko. Handik gutxira mitinlari ospetsua zen. Garai hartan hasi ziren EAJren inguruko erakundeetako lehenengo emakume hizlariak. Trabuduarekin batera, Maria Teresa Zabala eta Haydeen Agirre aritu ziren. Azken horrekin batera espetxeratu zuten 1933ko urtarrilean. Aste bi egin zituzten Larrinagako kartzelan eta aske utzi zituztenean lagun andana zeukaten ate aurrean begira: Lauaxeta, Eli Gallastegi… 

Zigorrak zigor, Trabudua ez zen kikildu eta jarraitu zuen jendaurrean hizlari, baita Jagi-jagi aldizkarian erdarazko artikuluak idazten ere. 1936ko gerran gizona armetara joan eta Polixene familiaren arduraz gelditu zen (artean hiru umeren ama zen) Gernika aldeko baserri batean. Bertatik ikusi zuen hiriaren bonbardaketa. Bilbo jausi orduko ontziz egin zuten ihes. Familia osoa Donibane Garazin batu zen atzera.

Hurrengo urteetan, Bigarren Mundu Gerra nagusi zen bitartean, Frantzian bizi izan ziren. Bretainian urte batzuk eman ondoren, 1950ean, giroa lasaiago zegoelakoan, Bilbora itzuli ziren baina, bertan erregimenaren jazarpena sentitu eta berriz ere erbesteratu ziren. 1954an Venezuelan zeuden. Han gizona futbol entrenatzaile eta bera irakasle aritu ziren hasieran. Bertan antolatu zuten haien bizitza eta seme-alabena. Jose Mandaluniz hil ostean, Euskal Herrira itzuli zen (1990), lehenengo Donibane Lohizunera eta gero Zeberiora. Bertan hil zen 2004ko apirilaren 3an.

 

Hektor Ortega