Ramón Vicuña Epalza Portugaleten jaio zen 1885eko abuztuaren 31an Bizkaiko familia burges batean. Bere aita Ramón Vicuña Lazcano medikua zen eta baita politikan ibilitakoa, probintziako ahaldun moduan. Bere ama, María Paz Epalza Palacio, Bilboko burges familia ezagunetariko baten alaba zen. Zazpi anai-arreben helduena izan zen eta Eloísa de la Hormazarekin ezkondu zen 1911ko urriaren 23an, Santa María de Portugaleteko elizan. Bi seme alaba izan zituen, Ramón eta Miren.

Deustun Zuzenbidea egiten hasi zen 20 urterekin eta 1910ean Bartzelonara joan zen ikasketak amaitzera. Madrilen denboraldi bat egon ondoren, Portugaletera itzuli zen. Bilbon, Justo de Oruetarekin batera, abokatu bulego bat ireki zuen. Baina batez ere, ontzi sektorean aritu zen Vicuña. Bidasoa Ontzi Konpainiako eta Sota y Aznar-eko kontseiluko presidentea izan zen. Meatze eta trenbide sektorean ere zituen interesak, Compañía de Minas Hispano-Africanan egon zen presidente moduan. Gainera, bidaiatzea asko gustatzen zitzaion eta Ekialde Hurbiletik Laponiaraino bidaia egin zuen. Greziako kontsul ere izan zen Bizkaian.

EAJn sartu zen gaztea zenean. Portugaleten euskal nazionalismoaren bultzatzaile izan zen. Portugaleteko Batzokiaren sorreran parte hartu zuen. Hizlari eta publizista moduan zituen bertuteak eta abertzaletasunaren propagandista bihurtu zuten. Rabik ezizenarekin idatzi zuen prentsan.

1915ean Bizkaiko Buru Batzarreko idazkari izendatu zuten. Eztabaida handiko momentua bizi zuen EAJ-k momentu horretan. Luis Arana Goiriren jarrera behin eta berriz ihardetsia zen eta azkenean Arana partidutik atera eta Ramón Vicuñak hartu zuen bere lekua. Beraz, 1916an EAJ-ko buruzagi garrantzitsuenetarikoa bihurtu zen. Euzkadi Buru Batzarreko presidente ere izendatu zuten.

1921ean, EAJ-ko banaketaren ondoren, Vicuña Comunión Nacionalista Vasca-n geratu zen. Bergarako asanbladan egin zuten bateratzea egin zenean, 1931an, Bizkai Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten. 1932an Luis Aranak ordezkatu zuen. Euzkadi aldizkariko Kontseiluko presidentea izan zen ere. Hainbat aldizkari abertzaletan hartu zuen parte, Jel, Aberri edo Aberrijan eta denetan izengoitiarekin sinatzen zuen. 1933tik aurrera parlamentuan aritu zen, 1935eko otsailaren 7an zendu zen arte, 49 urte zituelarik.

Izaro Arbilla