Miren Karmele Rotaetxe Amusategi 1932ko urtarrilaren 17an jaio zen Bilbon. Espainiako Gerra Zibilean, aita Eusko Jaurlaritzako karguduna izan zen eta familia Frantziara erbesteratu zen.

 Lehendabizi Bordelen burutu zuen batxilergoa, baina Bilbora itzulita, berriz egin behar izan zuen Miguel de Unamuno Institutuan. 1959an Larrinagako espetxera atxilotuta eraman zuen poliziak Francoren diktaduraren aurkako ekintzegatik, euskal abertzaletasunetik abiatuz.

 Ondoren Deustuko Unibertsitatean frantses filologia ikasi zuen 1962-1967 artean. Ondoren, 1967-1978 artean, frantses filologiako irakasle izan zen Deustuko Unibertsitatean, eta euskarazko lehen eskolak eman zituen. Halaber, bertako Euskal Kultura Mintegian parte hartu zuen.

 1977an euskarazko lehen eskolak eman zituen Bilboko Unibertsitatean, eta urte berean abiatutako Informazio Zientzien Fakultatean euskararen arduradun izan zen. Garai horretan burutu zuen doktoregoa Salamancako Unibertsitatean, Estudio estructural del euskara de Ondárroa (1978) tesiarekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.

 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta geroztik Gramatika nahiz Sustapen batzordeetako kide izan zen. Halaber, Bilboko Merkataritza Etxearen Kultura batzordeko kide izan zen 1979-1985 artean.

 Ondoren Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusera aldatu zen eta 1982an irakasle lanpostua lortu zuen lehiaketa bidez, gramatika orokorra eta literatur kritika eskolak emateko. 1987an hizkuntzalaritza orokorreko katedra eskuratu zuen.

 Garai horretan bi liburu argitaratu zituen soziolinguistikaz: Hizkuntza eta gizartea Euskadi-n (1986) zuzendari gisa, eta Sociolingüística (1988). Idazlan zientifikoak argitaratu zituen hainbat aldizkaritan: La Linguistique, Euskera, Revista Española de Lingüística edota Bulletin de la Société de Linguistique de Paris.

 Eusko Ikaskuntzaren Hizkuntza eta Literatura saileko buru izan zen 1987-1994 artean. La Sorbonne (Paris V René Descartes) Unibertsitateko irakasle bisitaria izan zen 1994-1995 ikasturtean

 1998tik EHUko Leioako campusean hizkuntz politikako eskolak eman zituen, baita graduondoko ikastaroak ere, eta 2001ean katedradun emeritu izendatu zuten.

 2004an ohorezko euskaltzain izendatu zuten eta 2009an Mendebalde Kultur Alkarteak omenaldia egin zion.

 2013ko maiatzaren 2an hil zen Bilbon.

 

Antton Ugarte