Luis Salazar Zubía Bilbon jaio zen 1858ko abenduaren 26an. Bere gurasoak Benigno Salazar y Mac Mahón eta Clotilde De Zubía Mazarredo izan ziren. Bere aita politikan aritutakoa eta Bizkaiko noblezia zaharreneko familia batekoa zen. 1888an Portugaleten Mª Pilar Chávarri Salazarrekin ezkondu zen. Gazte hil zen seme bat izan zuten, beraz oinordekorik gabe hil ziren.

Zaragozan Zuzenbidea ikasi zuen eta 1881ean lortu zuen titulua. 1884an doktoretza eskuratu zuen. Baina bere ogibidea familiako negozioak, politika eta historia izan ziren. Izan ere, familiaren baitan negozioekiko interes handiak zituzten.

1889an Chávarri anaiek Chávarri Hnos. enpresa anaien artean banatu zuten. Salazarren emazteak eta bere ahizpek lortutakoarekin Salazar y Compañía enpresa sortu zuten. Sozietate honetaz gain, Ustara-n ere hartu zuen parte. Salazar Hermanos konpainiaren bidez Andaluziako meatzeak ustiatu zituzten 1899. urtea aldera.

Meatzeez gain, Bilbon eta Portugaleten hiriko jabetza ugari izan zituen eta bere bizian zehar handitzen joan zen. Alegia, bere bizi amaieran etxebizitza ugari zituen bere ondasunen artean. 1934an Bizkaiko jabe nagusienen artean 25. postuan zegoen. Portuko Lanen Biltzarreko kide eta Bilboko Merkataritza Ganbarako presidentea zen ere. Sociedad Bilbainako buru izan zen 1904 eta 1905 urteen artean.

Chávarrirekin negozioetan harreman asko zuen eta bereizezinak izan ziren, politikan ere berdin esan daiteke. Bere aita diputatu orokorra eta Bizkaiko Foru Aldundiko presidentea izan zen. Luisen sarrera nahiko berandu izan zen. XX. mendea hasita sartu zen. Kontserbatzaileen ondora gerturatu zen, eta ez da harritzekoa, momentu horretan Bilboko liberalen tendentzia zelako.

Balmasedako ahaldun probintziala aukeratu zuten 1905eko martxoaren 12an. Kooperazio probintzialeko presidente izendatu zuten bere lehenengo biurtekoan eta hainbat komisioetan aritu zen. 1907an bere kargua berriztatu zuen eta Sestaon, Santurtzin eta Portugaleten arte eta lanbideetako komisioetan aritu zen.

1911an kargua errepikatu zuen, baina urte honetan presidente kargua Máximo Benigno Olavarrietaren eskutan utzi zuen. 1911-1913. biurtekoan Aldundian egon zen azkena izan zen. Ekonomia eta administrazio kontseiluko kide eta Bizkaiko Arte eta Lanbideen Eskolakoa ere. Kontzertu Ekonomikoaren arazoari egin behar izan zion aurre besteak beste.

Izaro Arbilla