Beisbolaren gaineko lehenengo albisteak nahikoa zaharrak dira Bilbon. 1909an ba omen zen klub bat Bizkaiko hiriburuan eta gutxienez partida bat jokatu zuen, ekainaren 19an, Ingelesen landan. Ez bide zuen segidarik izan, baina beisbolaren hurrengo albisteak berriz ere Ingelesen landara jotzen dute, 1940ko hamarkadaren amaieran bertan jokatu baitziren kirol horretako partida batzuk. Orduan ekipo multzo txiki bat sortu zen: Lersundi, Club Deportivo, Centro Hispanoamericano, Estrellas de Cuba, Vizcaya… Bizkaiko Federazioa 1947an eratu zen eta, orduantxe, kirolari indarra emateko ahaleginean, Athleticen baitan beisbol saila eratzea lortu zuten. Bizitza laburra egin zuen, 1947an bertan desegin zen eta, Bizkaiko Txapelketan bigarren egin eta gero, Educación y Descansoren atzetik. 

Porrota izan arren, beisbolzaleek ez zuten etsi eta 1949ko ekainaren 11n partida bat antolatu zuten San Mamesen. Bartzelonako Les Corts eta Bilboko Club Deportivo aritu ziren, nor baino nor gehiago. Katalanak nagusitu ziren. Hori da San Mamesen jokatu den beisbol partida bakarra.

Baina egon bazegoen kirol horretarako aukerarik. Hamarkada hartan ekipo gehiago eratu zituzten, lehendik zeudenen kontra jokatzeko, besteak beste, Errekaldeko Iturrigorri edo Abandoko San Vicente. San Ignazion, Kuban ibilitako Pedro Aldairen inguruan, elkartea sortu zuten 1956ean, beisbolean jarduteko. Auzo berria zen hura, handik eta hemendik etorritako jendeen bizitokia eta hurrengo hogei urteetan oso normala izan zen gazteak beisbolean ikustea patioetan zein kaleetan. 1950eko hamarkada amaitu aurretik, gertaera gogoangarriaren protagonista izan ziren San Inazioko beisbolzaleak: Santurtziko portuan zegoen Estatu Batuetako itsas armadako ontziko marinelen kontrako partida, Bizkaiko lehenengo nazioarteko partida, ez ofiziala, jakina. Ze esanik ez, amerikarrak gailendu ziren.

Auzoan afizio handia izan arren, San Inaziok ibilbide apala eduki zuen, gehienetan Bizkaiko txapelketetara mugatuta eta, lantzean behin, Espainiakoetan agertuta. Salbuespena, 1960ko hamarkadan gazte mailan irabazitako Espainiako Txapelketa. 1970ko hamarkadaren erdialdean kinka larrian zegoen elkartea eta, urte batzuez jarduera eten zuen. Deustuko La Salle eta Salesianos ikastetxeetan eratutako ekipoek hartu zioten lekukoa. Salesianosekoan Lejarreta anaiak aritu ziren, Ismael eta Marino alegia, geroago txirrindulari gisa nabarmendu zirenak.

1977an berriro ekin zion klubak kirol jarduerari, lehenengo etapako jokalari ohien eskutik, Miguel Angel Barrios buru zutela. Senior eta gazte mailako ekipoak osatu zituzten eta 1980ko hamarkadan bigarren mailan aritu ziren, gazte taldeak berriz ere Espainiako txapela lortu zuen bitartean. Azkenean, 1990ko hamarkadaren hasieran Ohorezko Mailara igo zen lehenengo taldea eta harrez gero gorengo maila horretan iraun du. Gainera, Bilboko gainerako talde historikoen gainbeheraren ondorioz, San Inazio izan da XXI. mendean Bilboko ordezkari nagusia beisbol munduan.

Lehenengo taldeaz gain, klubak bigarren ekipoa dauka, gazte, kadete eta infantil mailako taldeak ahaztu gabe. Azken urteotan partidak San Inazion barik –ez dauka non- Errekaldeko kiroldegian jokatu ditu. 

Hektor Ortega