Bilboko Athletic Cluben futbol zelaia da San Mames. 1913an eraiki zuten eta harrez gero hamaika itxuraldaketa, handiagotze eta zaharberritze lan egin dizkiote. 2013an eraitsi zuten haren orubearen zati batean eta ondoko lursailean berri egiteko. 2014-15 denboraldirako amaituta egongo da. Ezizenez Katedrala esaten zaio San Mamesi.

Hasierako Athleticen arazo handienetako bat zelaia zen. Lamiakon (Leioa) jokatzen zuen baina hura Bilbotik urrun zegoen. Ahaleginak egin arren, gaitza zen hiribilduan leku egokia aurkitzea. 1911ko Kopa antolatu behar izan zuenean ere klubak bila eta bila jardun zuen, baina alferrik. Azkenean Getxoko Jolasetan jokatu zen. Baina 1913ean lursail aproposa alokatu zuen klubak San Mames aldean, Misericordia etxearen alboan. Bilboko Udalaren hirigintza planek kaleak eta etxeak aurreikusten zituzten, baina artean soro, ortu, baserri eta estrata aldea zen hura. 

Lehen harria urte hartako urtarrilaren 20an jarri zuten eta, jarraian, Manuel Maria Smith arkitektoaren diseinuari segika, zelaia atondu eta zurezko Tribuna Nagusia altxatu zuten. 1913ko abuztuaren 21ean inauguratu zuten, Athletic-Irungo Racing partidarekin. 89.061 pezeta gastatu zuen klubak eraikuntzan eta 5.000 ikusle hartu ahal zituen. Tribuna Nagusiak 2.200 aulki zeuzkan.

Hura behin-behineko zelaia zen, hirigintza planetatik kanpo baitzegoen. Baina laster gelditu zen txiki, ekipoaren arrakastak heldu ahala. Eta behin-behineko zelai hura handitu behar izan zuen klubak, zaletuen futbol gosea aseko bazuen. Lehenengo harmaila txiki bat egin zuen Kaputxinoen aldean (1921), gero Tribuna Nagusia alboetatik luzatu (1923) eta azkenik Jeneraleko harmaila 10.000 lagun zutik hartzeko moduan atondu zuen (1924). San Mamesek 18.500 ikuslerentzako lekua zeukan.

Hala ere, klubak gomutan zeukan hura behin-behineko zelaia zela eta, ondorioz, bestelako aterabideen bila zebilen. 1927an Athleticek Deustuko Madariaga dorretxeko etxaldea erosi zuen, lursail haietan behin betiko zelaia egiteko asmoz. Lekua egokia zen eta hurrengo urteetako arrakastek bidea erraztu behar zutela zirudien. Baina gerra zibilak proiektua zapuztu zuen. Gerra ostean klubak ez zeukan zelan ekin Deustuko zelaiaren eraikuntzari, ezta zelan eutsi maileguen korrituei ere.

Kinka estu hartatik onik atera zen. Alde batetik, Deustuko lursailak Bilboko Udalari saldu zizkion (bertan egin zuen Torremadariagako etxe multzoa); bestetik, Udalak hirigintza planak aldatu zituen San Mamesko futbol zelaia legeztatzeko. Horretarako Luis Briñas kalearen trazatua aldatu zuen eta Poza lizentziatuaren kalea amaitu barik gelditu zen. Gainera, Bizkaiko Aurrezki Kutxak zelaiko lursail gehienak erosi eta errenta egokian eman zizkion Athletici. Hurrengo urteetan, inguruak urbanizatu zituzten. Ortu, arlo eta estraten ordez, kaleak agertu ziren. Klubak lursailak erosi zituen 1946an.

Zelaia goitik behera berriztatzeko eta handitzeko plan orokorrak egin bazituen ere, klubak zatika ekin zion San Mames egokitzeko lanari eta, ondorioz, 1982ko erreforma egin arte zelaiak ez zuen diseinu bateraturik izan. Iparraldeko Tribuna (Misericordia) 1945ean egin zuten, baita Kaputxinoetako harmaila (1947) eta Jenerala handitu (1948) ere. Denetara, 25.000 lagunentzako tokia. Eta, hala ere, ez zen eskari guztiak asetzeko lain. Gehiago behar zen. Eta egin zuten: Tribuna Nagusi zaharra eraitsi eta haren lekuan (eta atzealdeko orubean) berria egin. 1952 eta 1953 bitartean eraiki zuten San Mamesen, Athleticen eta Bilboren ikur bilakatu zen Tribuna Nagusi hura. Ikur, haren arku segailari esker. 1956ko Kaputxinoen (Hegoaldeko edo Ingeniarien) Tribuna berria eraiki zuten eta 1961n Iparraldeko Tribunarekin beste horrenbeste egin zuten. Azken aldaketa handia 1972an izan zen, Jeneral zaharra bota eta haren lekuan Ekialdeko Tribuna altxatu zutenean. 

Goitik beherako aldaketa Espainiako Munduko Txapelketarako (1982) egin zuen San Mamesek. D multzoko partida gehienak jokatzeko aukeratu zutenez, klubak zeharo zaharberritu zuen zelaia. Eraitsi zituen Hegoaldeko, Iparraldeko eta Ekialdeko Tribunak ia osorik, baita atxikita zegoen etxebizitza bloke bat ere, eta handiagotu ez ezik, itxura bateratua eman zion zelaiari. Horrelakoa izan zen San Mames 2013 arte.

Eta hala ere, txiki. Kasik 40.000 lagun eserita hartzeko gauza izan arren, ez zen nahikoa. Horregatik klubak, BBK, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, zelai berria egiteko proiektuari ekin zion: San Mames zeharo eraitsi eta 90º biratuta, zelai berria egin. 2010ean jarri zuen lehenengo harria eta 2013ko irailean hasi zen erabiltzen. Hala ere, osorik amaitu 2014-2015 denboraldian egingo dute. Zelai horretan 53.330 ikuslerentzako lekua egongo da eta 173 milioi euroko aurrekontua dauka.

Bere historian, San Mamesen hamaika gertakizun gogoangarri gertatu dira. Athleticen arrakasta eta gau magikoez gain, Kopako final bat (1921) eta UEFAko final bat (1977) jokatu dira bertan. Euskal selekzio baten lehenengo partida (1915) eta Espainiako selekzioaren lehenengo partida etxeko moduan (1921) ere San Mamesen jokatu zituzten. Munduko txapelketako hiru partida hartu zituen 1982an. Futbolaz gain kirol askotan aritu dira San Mamesen: atletismoan, errugbian, txirrindularitzan, beisbolean, hockeyn… Herri eskakizunen agertokia ere izan da (Bai Euskarari jaialdia, 1977), musika kontzertu erraldoiak (Rolling Stones, Bruce Springsteen, AC/DC…)…

Hektor Ortega