Sociedad Ciclista Bilbaina Euskal Herriko txirrindulari elkarte zaharrena da, 1904an sortu baitzen. Ehun eta hamar urtetik gorako historian ehunka lasterketa antolatu, milaka txango zikloturista egin eta hamaika txirrindulari ospetsu babestu ditu. Azken hamarkadetan Bilbainak zikloturismora mugatu du bere jarduera.

Bilbo eta txirrindularitza lotzen dituzten lehenengo albisteak 1868koak dira. Garai hartan Irurac Bat egunkarian idatzi zutenez, bilbotar gazteen artean zabaldu berria zen belozipedoaren moda eta Campo Volantinen ibiltzen ziren tramankulu berri haiekin atzera eta aurrera. Urte hartako Bilboko Aste Nagusian txirrindulari lasterketa egin zuten eta beste batean hamazazpi txirrindulari Bilbotik Areetaraino joan ziren. Kluba eratzekotzan ei zebiltzan. Baina kluba ez bide zen jaio 1885ra arte, Club Velocipedista izenpean. Artean bizikletak ugaritu eta istripuak gertatu izanaren ondorioz, Bilboko kaleetan debekatuta zeuden. 1887an klubak baimena lortu zuen atzera ere Campo Volantinen aritzeko.

Zaletasuna gorantz zetorren. 1890ko Bilboko jaietan 20.000 lagun batu omen ziren lasterketak ikusteko. 1893an herririk herriko lehenengo karrerak egin zituzten: Bilbo-Balmaseda-Bilbo eta Bilbo-Donostia. Eta 1896an, apoteosia: klubak belodromoa eraiki zuen Indautxun. 1896ko ekainaren 24an zabaldu zuten. Urte bi iraun zuen eta bitarte horretan nazioarteko karreristak ere etorri ziren bertan lehiatzera.

Baina 1898an belodromoa eraitsi zuten eta Bilboko txirrindularitza abaildu egin zen. Kinka larri hartan, 1904an, modaz igarota zegoenean, Juan Moser ingeles sportmanaren ekimenez, Sociedad Ciclista Bilbaina jaio zen bilbotar txirrindulariak batzeko. Moserrez gain, Genaro Morales, Enrique Pinedo eta Luis Fernández de Ganboa (lehenengo presidentea) izan ziren sortzaileak.

Elkarte berriak zikloturismorako joera nabarmena eduki zuen eta horregatik bizikleta txangoak antolatzeari ekin zion. Baina, horrez gain, lasterketetan ere aritu zen, hala karrerista nola antolatzaile. Hurrengo urteetan Bilbainaren elastikoarekin aritu ziren garai hartako bizkaitar txirrindulari onenetako gehienak: Esteban Espinosa, Vicente Blanco Koxua (Tourra korritu zuen lehenengo euskalduna), Lorenzo Oca… Azken horrek ehun kilometroko Espainiako marka ondu zuen 1909an eta Bizkaiko eta Hego Euskal Herriko txapelak jantzi zituen 1910ean. Sasoi hartan txirrindularitza gorantz zetorren eta Bilbon bertan talde gehiago zeuden (Federación Atlética Vizcainak sail bat zeukan, El Pedal Bilbaino…). Geroago Athleticek berak txirrindularitza saila eratu zuen eta Bizkaia Sari Nagusia sortu zuen. Sail hura desagertu zenean, elkarteak hartu zuen Bizkaia Sari Nagusia antolatzeko ardura. Bizkaiko txirrindularitzaren ikur horrek 1977 arte iraun zuen. Bizkaiko txapelketa ere sarritan antolatu zuen Bilbainak.

Gerra baino lehen Jesus Dermit, Cesareo Sardui, Juan Zumalde (afizionatuetan Bizkaiko txapeldun), Paco Cepeda eta Federico Ezkerra ere aritu ziren Sociedad Ciclista Bilbainaren maillotaz. Ezkerra Tourrera joan zen eta Galibierreko aldatsetan nabarmendu zen (1934), baita Niza-Cannes etapa irabazi ere (1936).

Gerra ostean Bilbainak atzera ekin zion lasterketak antolatzeari. 1943an, esate baterako, lau proba ofizialen ardura eduki zuen: Egirletako igoera, Bilboko gerrikoa, Bizkaia Sari Nagusia eta Bilboko Hiri Zirkuitua. Horiez gain, afizionatu eta zikloturistentzako lasterketak eta irteerak ere, jakina. 1950ean, goi mailako zortzi proba antolatu zituen SCBk eta, gainera, Jesus Loroño fitxatu zuen.

Urteek aurrera egin ahala, gutxika-gutxika ziklismo profesionaletik urrundu zen elkartea. 1965ean, esate baterako, hiru proba antolatu zituen profesionalentzat (tartean Bizkaia Sari Nagusia eta urte askotan antolatu zuen Getxoko Zirkuitua) eta hamasei lasterketa eta 25 txango zikloturista. Joera areagotu egin zen 1970etik aurrera. Bizkaia Sari Nagusia 1977an desagertu zen eta beste horrenbeste gertatu zen hamar urte geroago antolatzen zuen azken proba profesionalarekin (Bilboko Sari Nagusia). Baina 1992an Jesus Loroño nazioarteko klasiko zikloturista sortu zuen, gaur egun sona handikoa. Eta emakumezkoen ekipoak ere izan ditu. 1991ean, esate baterako, Karmele Arrizabalaga, Ane Atorrasagasti, Yolanda Ortega eta geroago txapeldun handia izan zen Joane Somarriba zeuden taldean. 

Hektor Ortega