Deusto Kirol Elkartea 1913ean sortutako kluba da, Deustuko futbolaren gorengo erakusgarria. Ehun urte luze hauetan hamaika jokalari igaro da klubetik, milaka partida jokatu ditu eta Deustuko lau futbol zelai erabili ditu. Klubean aritutako futbolari batzuk Athleticera heldu ziren, Carmelo Goienetxea kapitaina, Luis Kortadi eta Bertol, berbarako. Hasiera-hasieratik elastiko gorria eta praka zuriak erabili ditu, Deustuko koloreak alegia.

 Deustuan nahiko goiz hasi ziren futbolean. XIX mendearen azken hamarkadan Lamiako inguruan zegoen sport berri horren hauspoa Bizkaian baina haren eragina Bilbo alderaino iristen zen. Deustua eta futbola lotzen duen lehenengo albistea 1902ko apirilaren 6an jokatutako partidan aurkitu dugu. Lamiakon, aurrez aurre, Athletic Cluben hirugarren taldea eta Deustuko bigarren taldea. Horrek esan nahi du artean Deustuan klub nahikoa indartsua ziharduela, gutxienez lehenengo ekipoa eta ordezkoen taldea antolatzeko gauza baitzen. 

 Ez zaigu heldu klub haren izenik, baina badakigu 1913an Unión Fortuna Deusto Foot Ball Club izenpean aritzen zirena deustuar futbolzalerik onenak. Haren azken arrastoa 1914-15 denboraldiko Bigarren Mailako txapelketan aurkitu dugu (1915eko maiatzean amaitu zen).

 Unión Fortuna Deusto desagertuta, herriko futbolariak Sociedad Deportiva Deuston batu ziren. Elkarte hura, esan bezala, 1913an sortu zen eta futbol taldea eduki zuen hasieratik, Unión Fortuna baino apalagoa. 1915eko udatik aurrera, elkarte bietako jokalariez talde bi egin (lehen taldea eta erreserba taldea) eta bigarren mailan aritu ziren. 

 Lehenengo urteak oso emankorrak izan ziren SD Deustorako. Denboraldi batzuk egin zituen Iparraldeko Federazioaren Eskualdeko Txapelketako A Seriean, gorengo kategorian alegia, Athletic eta Arenasekin –garai hartako indartsuenak- lehiatzen. Han zegoen 1918-19 denboraldian eta baita 1920-21ean. Azken horretan hirugarren egin zuen, Athletic eta Arenasen atzetik. Eta gehiagorako ekipoa eduki zezakeen. Garai hartako prentsaren arabera, Athleticera joandakoak (Luis Kortadi, Carmelo Goienetxea) eta beste batzuk gordetzerik izan balu askoz gorago ibiltzeko moduan egon zatekeen. Hala ere, 1920ko hamarkadak aurrera egin ahala taldea makaldu zen, A serietik Bra jaitsi zen 1925ean eta, beste jaitsiera baten ondoren, kluba desegin zen 1932an.

 Deustuko lehenengo futbol partidak Botikazar aldean jokatu ziren. Hala ere, Deustuko taldeak laster egin zuen landatik futbol zelairako jausia. 1916an ekin zion futbol zelaia atontzeari Etxezuri baserriaren ondoko arlo batean. 1917ko urtarrilak 28 zituen bertan lehenengo partida jokatu zutenean. Aurkariak, Athletic Club eta Sociedad Deportiva Deusto. Sasoi hartan ohikoa zen legez, bestelako kirol ekitaldiak ere antolatu zituen klubak Etxezurin 1919 eta 1923 bitartean: krosak, pertika jauzia, soka-tira, … 1925 eta 1930 bitartean elkarteak Deustuko frontoiaren ardura eduki zuen.

 Gerra Zibilaren ostean kluba berriz osatu zuten eta afizionatuen mailan indartsu bueltatu zen (1939an Bizkaiko txapeldun geratu zen), baina makalaldia etorri zen 1948tik aurrera eta taldea azken mailaraino jaitsi zen. 1950ean Deustuko kanala egiteko lanek Etxezuri irentsi zuten eta San Ignazioko zelai berrira pasatu zituen partidak. Urte gutxitarako. 1953an klubak akordioa sinatu zuen Unibertsitatearekin futbol arloan indarrak batzeko: Deusto-Universidad izena hartu zuen ekipoak eta jokalariak herriko gazteen eta unibertsitateko ikasleen artean bilatu zituzten. Partidak Unibertsitateko zelaira aldatu ziren. Hobekuntza nabarmena izan zen. 1955ean taldea Hirugarren Mailara igo zen. Unibertsitatearekiko lankidetza iraun bitartean ekipoak hamar denboraldi egin zituen Hirugarren Mailan, baina 1968tik aurrera, haustura ofizialik egon ez bazen ere eta Unibertsitateko zelaian jarraitu arren, klubak bakarrik jorratu zuen bere bidea. 1979-1985 bitartean Hirugarren Mailan egon zen, berriro ere. Harrez gero, Bizkaia mailako kategorietan aritu da.

 2005eko abuztutik Etxezuri izeneko futbol zelai berrian jokatzen du. Zelai zaharraren gomuta gorde du eta, hura bezala, Madariagako bidearen ertzean dago, La Salle eta Salesianos ikastetxeen ondoan. 

 

Hektor Ortega