Javier Peña Albizu 1914ko ekainaren 30ean jaio zen Tolosan. Iruñeko Irakasle Eskolan ikasi ondoren, urtebetez soziologia ikasi zuen Belgikako Lovainan. Ondoren Tolosako eskolapioetan eta Zumaiako maristetan eman zituen eskolak.

 Bigarren Errepublika garaian (1931-1937) Eusko Ikaskuntzaren euskara azterketa gainditu zuen. Gerra Zibilean Frantziara erbesteratu zen. 1943an Madrilera jo zuen eta 1946an Bilbora aldatu zen bizitzera,  Seguros Bilbao enpresan lan egiteko.

 Xabier Gereñoren laguntzarekin, Francoren diktaduran, euskara eskolak ematen hasi zen lagun talde txiki bati 1949an.1952-1953 ikasturtetik Euskaltzaindiaren Erribera kaleko egoitzan eman zituen eskolak.

 1968-1969 ikasturtean eskolak Kale Nagusiko 33. zenbakira eraman zituzten. Ikastaroek guztira lau maila eta beste hainbeste ikasturte irauten zuten.

 Beste irakasle batzuk Alfonso Irigoien eta Eusebio Erkiaga izan ziren. Euskara irakasteaz gain, mendi ibilaldiak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak egiten zituzten, euskaltzaletasuna sustatzeko.

 Adibidez, Francisco Bengoaren ¡Ene potxolo! itzuli zuen euskarara, Bilboko San Anton Abesbatzak 1952an Arriaga Antzokian taularatu zuena.

 Bizkaiko ikastolen sorreran parte hartu zuen. Bilboko lehen ikastola 1957an hasi zen hamalau ikaslerekin, Bariko San Nikolas elizan. Irakasleak Peñak alfabetatutako ikasle ohiak ziren: Mª Angeles Garai, Agurtzane Alberdi edota Julita Berrojalbiz.

 Pedagogiaz arduratuta, hurrengo gramatikak prestatu zituen: Euskal-ikasbide laburra (1957) eta Euskal-irakasbide laburra (1958). Euskal-irakasbide laburraren edizio mardulagoa argitaratu zuen 1963an. Irakasbideak hamairu argitaraldi izan zituen 1980 arte.

 Bilboko Herri Irratirako ere saio arrakastatsuak egin zituen. Azken idazlanak Saski-Naski aldizkarian argitaratu zituen.

 1960an euskaltzain urgazle izendatu zuten, baina ez zuen euskara batuaren alde egin. Bilbon sortutako beste bi elkarteko kide izan zen: Euskerazaleak (1967) eta Euskerazaintza (1978).

 Ikasleek omenaldiak egin zizkioten Euskaltzaindiaren egoitzan 1959an eta Arantzazuko santutegian 1974ean. Tolosako Udalak ere omenaldia egin zion 1977an.

 Tolosan hil zen 1980ko urriaren 1ean.

 

 

Antton Ugarte