Mikel Zarate Lejarraga 1933ko martxoaren 6an jaio zen Lezaman. Arkitekto laguntzaile ikasketak egin ondoren, eliz ikasketak abiatu zituen 1953an Derioko apaizgaitegian. Apaiztu ondoren, Mallabian (1964-1966) eta 1969tik Loiun aritu zen apaiz lanetan.

 Vatikano Bigarrena Kontzilioaren garai horretan, Derioko apaizgaitegian irakasle izan zen eta Bilboko Elizbarrutiko Liturgi Batzordeko kide izendatu zuten.

 Hainbat erlijio liburu argitaratu zituen: Gure Meza Deuna (1960), Gure salbaziño-egintza (1967-1972) Jaime Kerexetarekin, eta Meza-liburu txikia (1968) bizkaieraz nahiz gipuzkeraz.

 Halaber, filosofia eta letren lizentzia burutu zuen Deustuko Unibertsitatean 1969-1974 artean, Ricardo Zierbideren zuzendaritzapean egindako tesinarekin: Influencias del vascuence en la lengua castellana (1976). Halaber, 1976tik Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialean aritu zen eskolak ematen.

 1970ean Labayru Ikastegia eta Udako Euskal Ikastaroak sortu ziren Derioko apaizgaitegian, Ander Manterola buru zela. Mikel Zarate eta Karmelo Etxenagusia izan ziren hasierako irakasleak. Hortik sortuko ziren Bizkaiko euskal-idazleak (1970), Euskal deklinabidea (1975), Euskal literatura (1977-1978) eta Euskal ortografia (1978) liburuak.

 Bestalde, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1972an eta bi aldiz irabazi zuen akademiaren literatur saria: Haurgintza minetan (1973) eleberriarekin eta Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975) narrazioarekin. Halaber, Ipui antzeko (1975) narrazioa eta Higidura berdez (1977) olerki liburua argitaratu zituen, azkena Irungo Udalak saritua.

 Euskaltzaindiaren 1968ko biltzarrean Arantzazun eta gero 1978ko biltzarrean parte hartu zuen Bergaran. Bizkaieraren eta euskara batuaren arteko harremanak bereziki kezkatu zuen eta berak asmatua da “Dakigunetik ez dakigunera” goiburu ezaguna.

 Espainiako Trantsizioan, Deustuko Uniberstitatean Gotzon Garatek bultzatutako euskal filologiako eskolak emateari ekin zion, 1978-1979 ikasturtean. Bizipenen bultzadaz (1978) olerki liburua argitaratu ondoren, 1979ko apirilaren 1ean hil zen Lezaman.

 Hil ondoren plazaratu ziren Utopiaren fantasian (1979) eta Bilbo irribarrez (1980) narrazioak. Labayru Ikastegiak eta Euskaltzaindiak, omenaldi gisa, Mikel Zarate Iker Mintegia eta “Mikel Zarate” saiakera saria sortu zituzten, hurrenez hurren.

 

Antton Ugarte