Kazetaria, idazlea eta PSOEko buruzagia, Espainiako Bigarren Errepublikako azken gobernuetan ardura handiko karguak eduki zituen. Gerra ostean, Gestapok Frantzian atxilotu eta Espainiako agintarien esku laga zuen. Handik gutxira fusilatu egin zuten.

Bilbon jaio zen Julian 1899ko otsailaren 5ean. Aita Fermin Zugatzagoitia metalgintzako behargina zen eta zinegotzi sozialista aukeratu zuten XX. mendeko lehen hamarkadan. Semea, ostera, bulegari sartu zen Bilboko Udalean 1919an, baina politika arloan aitaren uberari segitu zion. 1917ko abuztuko greba orokor iraultzailean atxilotu egin zuten. Sasoi hartan Gazteri Sozialistetan ziharduen eta joera komunistakoak berezi zirenean berak Alderdi Sozialistan jarraitu zuen. Indalecio Prieto eta Tomas Meabe bezalako sortzaileen eraginak markatu zuen.

Laster hasi zen Bilboko prentsa sozialistan idazten, lehenengo El Liberal egunkarian eta gero, Indalecio Prietoren eskutik, La Lucha de Clases astekariko zuzendari. Zeregin horien ondorioz, 1925 eta 1930 bitartean Bilbotik erbesteratu zuten. Madrilen egon zen, hango El Socialistan hasi zen kolaboratzen eta, bitartean, biografiak (Pablo Iglesias, Tomas Meabe) eta erdaraz nobela sozialak (Una vida anónima, El botín, El asalto…) idazteari ekin zion. Zeregin horretan aitzindaria izan zen eta, literatur kritiko batzuek 27ko belaunaldikoen kidetzat jo dute, nahiz eta lanen kalitateari dagokionez izen handi haiengandik urrun samar zebilen.

1930etik aurrera El Socialistan protagonismo gehiago hartu zuen, are zuzendari kargua ere 1932ean. Baina kazetari jardun zuen politika baztertu barik: 1931eko apirilean zinegotzi aukeratu zuten Bilbon eta urte hartako Espainiako Gorteetako hauteskundeetan, diputatu Badajozen. Betiere, PSOEko ordezkari gisa. El Socialistatik 1934ko iraultza babestu zuen. Altxamenduaren porrotaren ostean Espainiako Gobernuak El Socialista itxiarazi zuen. Alderdia bitan banatuta zegoen (Largo Caballeroren ezkertiarrak eta Indalecio Prietoren moderatuak) eta Zugatzagoitia Prietorekin gelditu zen.

Gerra hasi zenean Madrilen zegoen, berriz irekitako El Socialistako zuzendari. 1937ko maiatzeko krisiaren ondorioz Juan Negrín izendatu zuten Errepublikako gobernuburu eta honek Barne Ministerioaren ardura eman zion Julian Zugatzagoitiari. El Socialistan gogor kritikatu zituen preso eskuindarren aurkako erasoak eta antzera jokatu zuen ministro gisa, giltzapetuen egoera hobetzeko ahaleginak eta preso trukaketak eginez. 1938ko apirilean krisia isiotu zen berriro gobernuan, gerrari eutsi nahi ziotenen (Negrín buru) eta galdutzat ikusten zutenen artean (Prieto). Prieto Defentsa ministeriotik kendu zuten, Negrínek berak hartu zuen ardura hura eta Zugatzagoitia defentsarako estatu idazkari izendatu zuen. Karguari eutsi zion gerra amaitu zen arte.

1939ko apirilean Parisen aterpetu zen, beste errepublikazale asko bezala. Sasoi hartan Jose Felix Lekerika bilbotarra zegoen Espainiako (Francoren gobernuko, alegia) enbaxadore Frantzian eta ehiza abiatu zuen iheslarien aurka. Ahalegin hura are gehiago indartu zuen alemaniarrek Frantzia mendean hartu zutenean, 1940ko ekainean. Orduan Zugatzagoitia andrearekin eta seme-alabekin zegoen Parisen, bere kide gehienek ihes egin zutela ez jakitun. Hilabete geroago, 1940ko uztailaren 27an, Gestapok atxilotu zuen. Bera eta beste errepublikazale batzuk Espainiako agintarien esku laga zituzten egun batzuk geroago. 1940ko urrian Errepublikaren aurka altxatutako militarrez osatutako tribunalak epaitu eta heriotza zigorra ezarri zion zergatik eta matxinatu egin zelako. 1940 azaroaren 9an fusilatu zuten Madrileko Ekialdeko hilerrian.

Hektor Ortega