Bilbon, 1804 eta 1808 urteen arteko gertaeren ondotik, liskarrak eta gudak izan ziren Bilboko bertako gizarteko eta politikagintzako sektore edo taldeen artean. Horren lekukotasuna emanez, 1826an, Bilboko britaniar kontsulak hiribilduan hiru ildo edo joera politiko nagusi zirela zioen; liberala, erregezale edo antiliberala eta foruzalea. Hori horrela, 1833ko urriaren 3an, Erregetzat nor-eta guztiz antiliberala eta Erregeren subiranotasun absolutuaren aldeko sutsua zen Karlos erregegaia aldarrikatu nahi zutenek, matxinaturik eta garaiturik, Bilboko erakunde publikoak beren mende hartu zituzten. Ordurarte erregezale irtzi edo esan zitzaienei, harrez gero, karlista esaten hasi zitzaien. Urteak igarota, 1833ko azaroaren 20an hain zuzen, oinordekoa zen Isabel II.ari leial zitzaion Sarsfield generala Bilbora sartu zen, gobernuaren agindupeko armada liberalaren buru. Orduko hango udalbatza kendurik, Isabel II.ari leial izango zitzaion beste udalbatza bat ipini zuen agintean. Bada, hartan Karlistek Bilbo setiatu edo ingurutu zuten. Hasi, setioa, 1835eko uztailaren 1ean hasi zuten, eta 1836eko abenduaren 24an amaitu, hiribildua mendean hartzera behin ere iritsi gabe amaitu ere. Haren ostean hiribilduari, Karlistei zein gogor egin zitzaien aitortzeko eta bide batez jarrera hori saritzearren, “Garaitu Gabea” titulua eman zitzaion. Bilbotar politikagintzaren “nondik norakoen” aldetik begiratuz gero, ezin uka hori haren nortasunaren osagarria esangutatsua izan denik. Nolanahi ere, 1839an Bilboko Udalbatzak berak eta hainbat auzotarrek eskaria egin zioten Gorteei, konstituzio sistema liberal berrian foru-erakundeek leku izan zezaten.

Eskariak eskari, 1841ean aduanak barne-aldetik (Urduña, Balmaseda) itsasertzera aldatu ziren eta horrekin batera Bilboko portuak bere ordurarteko merkataritza librerako portu izatearen ezaugarria galdu zuen. Erregebide berriak zabaltzea eta trenbidea Bilbora iritsi izana -1863an izan zen hori, Bilbo-Tutera trenbidearekin-, Banco de Bilbao (Bilboko Bankua) eratu izana eta mehategietako gaiak gero eta kantitate handiagoetan esportatzeko ateak zabalduz joatea, Bilboren garakuntzan eragin erabatekoa izango zuten industria berriak zein berriztatuak ezartzearen alde jokatu zuten faktoreak izan ziren.