Erregina Isabel II.a militerrek kendu zuten, 1868an, estatu-kolpea joz. Horrek bide eman zion historiako espainiar konstituzio demokratikoen arteko lehenari (1869koari), monarkia demokratikoa ezartzeari gero (1870-1873 tartean) eta I. Errepublika aldarrikatzeari azkenik (1873an). Hala bada, 1868ko urriaren 21ean Udalei Buruzko Lege berria atera zen, horretan gizonezkoen sufragio unibertsala eskubide legez sarturik. Hori, noski, udalak udal demokratiko bilakarazteko bidean aurrerapausua izan zen. Aro berrian, Bilbon, gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez hautatu zen lehenengo alkate demokratikoa, esan dezagun horrela, Félix Aguirre izan zen.

Udalbatza demokratiko eta berri hark, 1869an, Gobernu Zentralak Hiribilduaren eskumeneko mugak harago eroatea onar zezan erdietsi zuen. Hori, noski, Abando eta Begoñaren kaltetan edo izan zen. Hiribilduaren hedapenak ezinbestez egin beharreko lehengo urratsa zen, Bilboko Udalbatzatik zuzendurik emana.

Garai honetan II. Karlista-Guda Zibilak (1872-1874) polito astindu zituen bazterrak. Bilbo bera berriro setiatu zuten, 1873ko abenduan hasita. Artean alkate Felipe Uhagón zegoela Karlisten erasoaldiei eman zitzaien erantzuna berretsi egin zuen hiribilduari aurrekoan emana zitzaion “Garaitu Gabea” titulua. Setioa gainditu izana, lortu ere Concha generalak 1874ko maiatzaren 2an lortu zuena, hiriari buruzko irudi liberalarentzat funtsezko osagarri eta mugarri ere bilakatu zen.