Javier Cruz Amuriza Zarraonaindia 1941eko maiatzaren 3an jaio zen Zornotzan. Eliz ikasketak egin zituen karmeldarrekin Zornotzan eta Derioko apaizgaitegian.

 1965ean apaiztu ondoren, Gizaburuagan eta Amoroton egin zuen lan. Bertsolaritzan aritzeaz gain, 1967an euskaltzain urgazle izendatu zuten

 Gogor apaiz talde antifrankistako kide gisa, 1968an Derioko apaizgaitegian itxialdia egin zuen. Francoren diktadura salatzeko Bilboko apezpikutegian gose greba egiteagatik, 1969an poliziak atxilotu eta zazpi urtez egon zen preso Zamorako eta Basauriko espetxeetan, 1975 arte. 1976an apaiz izateari utzi egin zion.

 Bertsolaritza zeharo eraberrituz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia bi aldiz (1980, 1982) jarraian irabazi zuen. 1986ko Txapelketa Nagusian eta 1987ko Araba-Bizkaiko Txapelketan ere arrakastarekin parte hartu zuen, baina 1989tik aurrera ezin izan zuen jarraitu, eztarriko ebakuntzagatik.

 Bertso eskolen eragile eta irakasle nagusia izateaz gain, hainbat bertso liburu, ikasbide, historia, itzulpen, eleberri, elkarrizketa eta disko argitaratu zituen.

 Espainiako Trantsiziotik Herri Batasuna koalizioko kide izan zen. 1979an, udalerako eta batzar nagusietarako hauteskundeetan, Zornotzako zinegotzi eta Bizkaiko ahaldun hautatu zuten. Gernikako Batzar Etxean 1981ean Juan Carlos I.ari iraintzeagatik, auzipetua eta atxilotua izan zen.

 Eusko Legebiltzarraren bigarren legegintzaldi amaieran, 1986an, Txomin Ziluaga ordeztu zuen. Urte bereko hauteskundeetan, Eusko Legebiltzarreko kide hautau zuten, 1990 arte.

 Geroztik ezker abertzaleko talde politikoen alde aritu da, baita Espainiako Auzitegi Gorenak 2003an Batasuna alderdia legez kanpo utzi ondoren ere.

 Kazetari gisa, ezker abertzaleko Punto y hora de Euskal Herria (1976) astekarian eta Egin (1977) egunkarian lanean hasi zen. Espainiako Auzitegi Nazionalak 1998an Egin itxiarazi zuenetik, Euskadi Información eta Gara egunkarietan lan egin zuen. Azken lau urteak Durangaldeko Anboto astekarian eman zituen, 2006an erretiroa hartu arte. 

 2007an Joan ziren sail autobiografikoari ekiteaz gain, azken urteetan euskara batua kritikoki aztertu du hainbat saikeratan.

Antton Ugarte