Arsenio Merodio Olivan, Gallartako Txikitoa, XX. mendeko lehenengo erdialdeko palaririk onenetakoa izan zen, Begoñés I.aren oinordekoa. Karrera luzea egin zuen Bilbon, Donostian, Madrilen, Bartzelonan eta Mexikon jokatuta, besteak beste.

Ortuellako Las Carreras auzoan jaio zen. Afizionatuetatik igaro barik egin zuen profesionaletan debuta, 1914an, Bilboko Euskalduna pilotalekuan. Plaza handia zen hura, eta Gallartako Txikitoak ondo eutsi zion erronkari. Laster zen palako jokalari handienekin jokatzen.

Bilbon askotan jokatu zuen eta, urte batzuen buruan, Juan Gisasola Begoñés I.aren pare jarri zen. Donostian eta, batez ere, Madrilen sarritan jokatu zuen 1920ko hamarkadan. Gogoan eduki Madril orduan plaza garrantzitsua zela pilotarentzat, eta bertako pilotaleku entzutetsuak publiko zabala bildu ohi zutela.

Bilbora itzuli zen, Mexikon denboraldia egin zuen eta 1932ko udazkenean berriro zen Madrilen, Jai Alai frontoian. Urtebete geroago, ostera, Bartzelonara jo zuen eta han urte batzuk eman zituen. Garai hartan Kataluniako hiriburuan Bilboko eta Madrileko pilotaririk onenak batu ziren Novedades frotoian eta arrakasta polita lortu zuten pilotarentzat. Han zegoela seme Armando jaio zen, hogei urte geroago, 1955-56 eta 1962-63 denboraldiak bitartean alegia, Athleticen jokatu zuena.

1936ko otsailean atzera zen Gallartako Txikitoa Madrilen, Recoletos pilotalekuan. Haren joko distiratsua, fisikoari baino gehiago –gizon altua eta indartsua zen- kolokazioari eta senari zor zion, bazekielako egoten eta aurkariak nondik joko zuen. Neurri-neurrikoak ziren bere egintzak, hala erasoan nola defentsan, eta erabaki egokiak hartzen zituen kirolari horietakoa zen.

Gerra ostean ere jarraitu zuen, urte batzuetan, Bilboko Euskaldunan. Han zegoela, erretiroa hartu baino apur bat lehenago, pala atomikoa probatu zuen. Hura asmakizun berria zen eta bilbotar bati, Faustino Santiago Urkidi Lamikizi zor zitzaion. Pago-zurezko palari aurrealdetik, pilota jotzen den lekuan bertan, zur gogorragozko ziria erantsiz egiten zen pala atomikoa. Toki horretan ipinita, jotakoan pilota askoz arinago ateratzen zen. Hala ere, zinez gaitzagoa zen nahierara zuzentzea. Profesionaletan lehenengoz Euskalduna pilotalekuan erabili zuten, Gallartako Txikitoa eta Madariagak Arrigorriaga II eta Ermuaren aurka jokatu zuten partidan. Pala atomikoa 1957an debekatu zuen Espainiako Pilota Federazioak, urte hartako apirilean Madrilgo Recoletos pilotalekuan Luis Zenotz Alsua, Alsua II.a, hil eta gero pilotakada bat buruan jaso ondoren. 

Guztira 34 urte egin zituen profesionaletan Gallartako Txikitoak. Horietako askotan palari onentzat jo zuten. Bilbo, Donostia, Iruñea, Madril, Bartzelona eta Mexikoko pilotalekuririk onenetan aritu zen. Pilotaren historialari askok palaren pilotaririk handiena izan zela idatzi dute. 

Hektor Ortega